Elai-Alai 50. urteurrena

ELAI ALAI KULTUR ELKARTEA

 

Egindakoaren goxotan lo hartu gabe, interesgarria da gogoeta egitea, ELAI ALAI Kultur Elkartearen 50 urteko ibilbidearen historiaz eta gure proiektuak izan duen garapenaz, gure ikuskizun eta edukien kalitateaz.

Bilboko errekako ezkerraldean gaude kokatuta, horrek ematen digu bereizgarri dugun taxu ekonomiko eta soziala.

Portugalete Hiriak badu izaera historiko partikularra, 50, 60 eta 70eko hamarkadetako migrazioko joan-etorriek eragindakoa, gehiago, are, ezkerraldeko beste herrietan baino. Halakoa izan zen etorkinen etorria garai haietan, gutxi gorabehera, erdi eta erdi zirela une batean kanpokoak eta bertakoak.

Gure historia honetan bada zerbait nabarmendu behar genukeena: alde batetik, lagun-talde langilea ari eta ari zebilen, garai hartan arriskuan zen kultur izaera berreskuratu, kontserbatu eta garatu nahian, eta, beste batetik, beste jende-talde batek, bere jatorriari uko egin nahi izan gabe, beren kokaleku berria behin betikoa izatean ahi zuen, eta bertakoekin integratu nahi zuten, lana eman zien gizartearekin bat egin nahi zuten, bai beraiek eta bai beren seme-alabek. Itxuraz hain ezberdin izanik ere, bi alde horiek bidean elkar topatu izana ezinbestekoa izan zen ELAI ALAI proiektua sortzeko.

Euskadin ez zen beste inon sortu ezkerraldean garai hartan sortu ziren hainbeste elkarte. ELAI ALAI elkartearen historiaz ari garela, esan genezake sortu zenetik, duela 50 urte, dantza-taldea izan
dela etenik gabe jardun izan dena, elkartearen ardatzlana eginez. Alabaina, beste ekintza eta jarduera batzuk ere landu ditugu bide luze honetan, eta beldur gabe esan dezakegu gure lana, finean, herrigintza izan dela.

Oso apartekoa da hain jende ezberdinak hain ekintza ezberdinak egin izana, baina denek ere oinarri berbera izanda: gure eskualdearen garapen soziala eta kulturala biziberritzeko irrika.

Eta, jakina, garai hartan egindako den-dena, lan guztiguztia, koordenatu soziokultural eta politiko determinatu batean gorpuztu zen. Autogobernua lortu nahia, gizarte demokratikoa garatzeko nahia, gure izan kulturalari eutsi eta garapena eman nahia, gure hizkuntza berreskuratu nahia, gizartean txertatu nahia… nahi horiek izan dira gure historiako ibilbide guztian bide lagun izan dugun funtsa. Ildo horretan, azpimarratu behar dugu, egia izanik ere motibazio politikoa funtsezkoa dela hainbeste urtean gure elkarteak iraun izateko, elkartea sorrarazi zuten helburuekiko errespetua eta helburuok
bete nahia izan direla giltza; ez baitugu inoiz ametitu elkartetik kanpoko diziplina eta estrategietara makurtzerik, ez elkartean inongo irabazi asmorik gabe lanean zebilen jendeari kale egiterik.

Elkarteko zuzendaritzako kideek beti defendatu izan dute elkartea, bere independentzia kontrolatzeko saiakera orotatik; hainbat liskar eta sestra eragin zizkigun jarrera horrek behin baino gehiagotan, baina askatasun- egarri horri zor diogu, dudarik ez da, gure historia luze eta oparoa.

Beste giltzarrietako bat kalitatearen eta berrikuntzaren aldeko joera izan da, gure ekimen guztietan erakutsi duguna, belaunaldi guztiei gustatzeko modukoak izan zitezen.

Ez ditugu gauzak itxurarik gabe egin: “Jaitsiera” delakoak izan duen bilakaera, “Diana” berreskuratu izana, Nazioarteko Folklore Jaialdiei eman diegun ospea, garai hartan sortzen ari zen euskal kulturaren berpizkundearen inguruko mugimenduen arteko topaketa, laguntza eta elkarlana (Ez dok Amairu….., Argia, J.A. Urbeltz, Chillida, On Jose Miguel Barandiaran, Etniker, Labayru, Nestor Basterretxea, Benito Lertxundi, KArmele Goñi, etab..…), ikastola sortu eta etengabe hobetzeko lana, Asti Lekuko hezkuntza kooperatiboaren ereduak gure inguruan eragindako jauzi kualitatiboa, Tradiziozko Kulturaren Topaketak, Folklore azoka, ELAI ALAI fundazioaren sorrera eta fundazioaren hedapena gizartean, enpresa-sarean eta arlo humanitarioan, “ELAI ALAI Dantza eta Musika Eskola” proiektua, “ELAI ALAI Euskal Dantza Taldea”. Gure proiektua beti egon da etorkizunari begira, baina orainari lotua. Eta dantzataldearen baitan, gutxi gorabehera, azkeneko hamarkadan izan den mugarria ere ezin dugu aipatzeke utzi.

Gaur egungo kideek antzeman ere ez diote egiten, beren belaunaldian oso arrunta delako, baina ikuspegi historikoak eta errealitate geografikoak erdietsitako oinarrizko helburuetako bat dela erakusten dute: musika eta dantzako kide guzti-guztiek euskaraz hitz egiten dute. Taldearen ekimen guztiak euskaraz egiten dira.

Galdera bakarra geratzen zaigu erantzuteke: nola lortu dugu hau guztia? Oso erantzun erraza dauka horrek: urte guzti hauetako lagun konprometitu eta aurrera-begirazaleen lan eskergari esker. ELAI ALAI taldearen barruan jende asko jardun delako eta jarduten delako oraindik ere, denbora eta ideiak elkarteari eskaintzen.

Une kritiko asko izan ditugu, baina inoiz ere ez gara geratu ezer egin barik. Etengabe beharrean jardun izan da jendea, gurekin eta gure inguruan; denak izan dira gure historiaren protagonista; izan bedi liburu hau haientzako omenaldi xumea. Eskerrik asko baita ere Rubén Las Hayas lagunari, gure gorabehera guztiak paperean islatzen lagundu digulako. Gure proiektu honengan fedea izan duten erakunde eta enpresak ere ez ditugu ahaztu nahi, gure ekimenak bultzatu izan dituztelako behar izan dugunetan. Historiaren ildoetan hor geratuko da den-denen lana, konpromisoa eta ahalegina.

Eta, nola ez, izan bitez lerro xume hauek gure artetik joan diren lagunentzako ospe eta ohore. Hemendik aurrera ere gure bidean jarraituko dugulakoan, beti bezala baina helburu eta metodo berrien argitan, Elai Elaiko kide berriak bilduz, kulturaren alde egiteko Portugaleten, ezkerraldean eta Euskadi osoan.

Gozatu ezazue liburu hau irakurtzen, guk liburua prestatzen gozatu dugu eta!