Nazioarteko Folklore Jaialdia

 

KULTURGUNE proiektuaren barruan, JAIALDIAK eskatzen du arreta eta diru gehien.

1980tik, gure sozietatea Folklore Jaialdien Antolatzaileen Nazioarteko Kontseiluaren barruan dago (FJANK). Mundu osoko dantza-jaialdiak daude bertan, eta jaialdiak koordinatzea du eginkizun. Esan daiteke gure ardurakoa izan dela ia-ia hasieratik Estatuko Batzordeko lehendakariordetza eta, gaur egun, diruzaintza. Lortutako sonak eta maila onak eraginda, 2000. urtean, Portugaleteko eta Euskal Herriko Nazio Arteko Folklore Jaialdiari FJANK JAIALDIA izeneko nazioarteko egiaztagiria eman zioten.

Antolakuntza konplexua izaten da, eta, arazoak, askotarikoak, urtetik urtera ezberdinak gainera, esate baterako, urte hartan, 26. jaialdian, bonba-abisu bat izan genuen eta emanaldiak eten eta atzeratu egin behar izan genituen. Antolakuntzak komunikatu bat idatzi zuen, erasoaldi hura gogor gaitzetsiz, eta garbi utzi zuen politikaren ekaitzak eta bortxazko kulturak direnak direlarik ere, Euskal Herria izan badela, eta bizi egin nahi duela, aukera bat izan nahi duela humanitatearen historiak bizi duen momentu aldakor honetan, munduko herri guztien senide eta bide-lagun izan nahi duela.

Garai horretan, hain zuzen ere 2008an, San Roke plaza berria inauguratzeaz batera, antzezleku bat ere jarri zuten bertan, eta harrez geroz, jaialdiak han egingo dira, eta ez Zubi Alde kiroldegian. Betidaniko lankide bat ere, Patxi García, urte hartan hil zen, eta ordukoa izan zen laguntzaile izan genuen azkeneko aldia. Kazetaria eta esataria, jaialdia Areilza Doktorearen parkean egiten zen garai hartan hasi zen aurkezle-lanak egiten.

Hurrengo urteko jaialdian omenaldi bat egin zi tzaion, ondo merezita. Beste gauza batzuk aldatu edo beste ekarpen batzuk ere egin ziren. Ordura arte, azkeneko egunean, talde guztiak moila berritik Kanillaraino joaten ziren, desfilean, argi- eta soinu-ikuskizun ederra eskainiz, eta, amaitzeko, su-festa polit bat izaten zen; baina 2000. urtean, desfile horren ordez, Carlos VII.aren etorbidean, Munduko Dantzak ikuskizuna eman zuten, eta halaxe egin da harrez geroztik. Ikusleak erosoago daude, eserita, eta jaialdia herrikoiagoa, hurbilagoa da.

Aldatu zen beste gauza bat nazioarteko taldeei egiten zitzaien harrera ofiziala da. Ordura arte udaletxean egiten zen, baina aurrerantzean, jaialdiko beste atal baten barruan egongo da, Munduko Sustraietan.

Talde horien bisita betiko gure artean gera dadin, bakoitzak arbola bat landatzen du, bere herriko lurra erabiliz, eta oroitarri bat ipintzen da aldamenean. Alegoria garbiko ekitaldia.

Florida parkean egin zen, lehenengo aldiz 2003. urtean. Urte hartan, zegokigun haritzaz gainera, Gernikako Arbolaren kimu bat ere landatu genuen, Bizkaiko Batzar Nagusiek emanda. Hasierako urteetan, Bernat Vidal eskultoreak egin zituen harrizko oroitarriak, eta, 2009tik, nazioartean ere izen handia duen bertako, Portugaleteko, eskultore batek egiten ditu, Juanjo Nevellak, burdinez. Oroigarri horietan geratzen dira grabaturik, urtez urte, parte hartzen duten taldeen eta herrialdeen izenak.

Juanjo Novella (Portugalete 1961), pintorea, eskultorea, horma-irudigilea eta hirigintzako interbentzioetako aditua da eta urteak daramatza ELAI ALAIrekin borondate hutsez lankidetzan. 50. urteurrena gogoratzeko anagrama ere berak egina da.

NAZIOARTEKO FOLKLORE JAIALDIaren etapa berri honetan, are eta garrantzi handiagoa ematen diogu topagune moduko bat izateari, herri, arraza eta kultura arteko lotura berdintasunezko bat josteko harikaxa. Ikuskizun bizi-bizi honetan, zentzu artistikoa da nagusi; jaialdiaren ezaugarri aipagarrienetako bat, kultura-aniztasuna, jori-jori hazteko baratze paregabea, inondik ere.

12 urteotan, 91 talde pasa dira Portugaletetik, 53 herrialde ordezkatuz.