Folklore-Azoka

 

Ekimen berri hau 2006. urtean abiarazi zen, artisauek, musikariek eta elkarteek kultura tradizionalaren arloan zer egiten duten jendarte zabalean azaltzeko.

Udalarekin lankidetzan antolatzen dugu, herriko merkatu zaharrean, leku horretan 40 postu jar daitezkeelako.

Azoka-lekua erakustazoka bihurtzeko, ehun laguntzaile baino gehiago aritzen da, jo eta ke lanean, hango bazterrak egokitzen eta txukuntzen, parte-hartzaileak eroso egoteko.

Eta parte-hartzaile horiek nor diren? Euskal Herria, Frantzia eta Portugalgo Elkarteak, kultura-taldeak, luthiersak, artisauak, dendak, jostun-tailerrak eta abar.

Enkargu ugari lotu eta salmenta asko egiteaz gainera, elkar ezagutzeko eta harremanak estutzeko leku egokia izaten dute. Maiatzeko asteburu batean izaten da, eta asteburu horretako bi egunetan, herriko alde zahar osoa festa-leku paregabea bihurtzen da, aldi berean beste hainbat jarduera ere egiten baita, esate baterako, kaleko animazioak, kontzertuak, tailer didaktikoak, hitzaldiak, dantza-emanaldiak, herri-kirola, erromeriak eta abar.

ELAI ALAIrentzat, azoka hau nazioarteko jaialdirako osagarri bikaina da, izan ere, Euskal Herrian ez dago beste azokarik bete-betean eta soilik folklorea lantzen duenik, eta, ospatu izan den urteotan, erreferente garrantzitsua bihurtu da, eta baita topaleku polita ere, kultura tradizionalaren alde lan egiten duten kulturaelkarte, erakunde, artisau eta abarrentzat. Kultura tradizional hori jendarte zabalari erakusteko leiho moduko bat da.