ELAI ALAI Fundazioa

 

Irabazi asmorik gabeko fundazio hau 1997an sortu zen. Sozietatearen ondare higiezin guztia hara pasa genuen, aurrerantzean ere euskal kultura lan tzeko balioko zuela bermatzearren, horretarako sortu baitzen. Gainera, beste finantzaketa- aukera batzuk ere eskaintzen ditu.

Bada kontuan hartu beharreko beste gauza bat ere: garai hartan, Ezkerraldean, krisi ekonomiko eta soziala pairatzen ari ginela-eta, enpresak sortzeko eta autoenplegurako ereduak eta prestakuntza eta informazioprogramak sortu ahal izateko proiektu bat jarri nahi izan genuen martxan.

Gazteen enplegua sustatzen laguntzeko, enpresa-mintegi bat eta informazio-zerbitzu bat sortu nahi genituen, hartara, lanari ekiteko gogoz ziren gazteei bi gauza eskaintzeko: beharrean hasi ahal izateko lokalak, eta, erakundeen laguntzak nondik eta nola jaso jakiteko, Ezker Aldeko Informazio Zerbitzaria (EAIZ), ELAI ALAI Fundazioak sortua. Horretarako guztirako erabili genituen giza baliabideak esperientzia handiko langileak izan ziren, lan egiteari behar baino lehenago utzi behar izandakoak.

Hasiera batean esperientzia interesgarria eta arrakastatsua gertatu zen, baina beste hainbat erakunde ere sortu zen helburu hori bera erdiesteko asmoz, ahalmen ekonomiko handiagoa zuten, gure fundazioaren helburu hura ederto betetzen zuten, eta gure esperientzia zentzua galduz joan zen.

Egin zituen gauza guztien artetik, aipagarrienetako bat Senegalen, Deakha Medinan, osasun-etxe bat sortu izana da. AMICS DE DIAKHA MADINA elkarte kataluniarrarekin izan genituen kontaktuen ondoren, Senegalgo herri hartan osasun-etxe bat finantzatzeko erabakia hartu genuen. Oraindik ere han da, eta orain ere sendagaiak bidaltzeko eta bi erizain ordaintzeko ardura daukagu.