ELAI ALAI 2012. 50. Urteurrena

 

50. urteurrenari hasiera emateko, web orri bat eta dokumentuen artxiboa prestatu genuen, elkarteari buruzko material historiko guztia leku bakar batean edukitzeko, edonoren eskura. Horrek, jakina, lana eskatzen zuen, ELAI ALAIri buruzko agiri historikoak errekuperatzeko, digitalizatzeko eta katalogatzeko, eta agiriak diogunean, esan nahi dugu agiriak, argazkiak, eskuizkribuak, kartelak eta abar.

Bada, ideia horren beraren itzalpean sortu da liburu hau ere. Mende erdiko historia duzu bertan bilduta, material horren guztiaren laguntzaz taxututa.

2012ko inauteriak bazetozela-eta, Portugaleteko Maskarak izeneko ikuskizuna prestatu genuen. Oinarria tradiziotik abiatzea zen, baina edukia gaurgaurkoa zuen. Bi pertsonaiaren arteko kondaira batean
dago oinarrituta: EGOI gaiztoa, eta ARGI lamia zintzoa. Ea jarraipena duen eta Portugaleteko inauterietan uztar tzea lortzen dugun. Dantza bat ere sortu genuen, Portugaleteko zortzikoa, denon artean biribilean dantza egiteko modukoa.

Eta musikaren aldetik zer? Gure orfeoiak abesbatzen arteko topaketa bat antolatu zuen. Gure herriko bost taldek eta ondoko herrietako beste lauk parte hartu zuten: Biotz Alaik, Lagun Zaharrek, Babcok musika elkarteak eta Sestaoko Orfeoiak. Eta benito Lertxundiren emanaldia ere antolatu genuen, Zubi Alde kiroldegian.

Nazioarteko Folklore Jaialdirako, berriz, maila artistiko paregabeko taldeak jaso genituen programan, asko eta asko lehenago ere gure artean egondakoak, esate baterako, Colimako Unibertsitateko Baleta (Mexiko); Argentinako Baleta; Venezuelako Guanaguaren Baleta; Burundiko Batimbo; Omskeko taldea (Siberia); edo Sulaimaniyah taldea, Irakeko Kurdistandik.

Folklore-jaialdiaren azpiegitura aprobetxatuz, ARGIA taldeari egunbete eskaini nahi izan diogu, ELAI ALAIren historiara hertsiki loturik dago-eta, beraien ikuskizuna eskaini diezaguten. Ikuskizun horretan, ELAI ALAIko musikariek eta dantzariek ere lagundu dute.

Berrogeita hamargarren urteurrenaren programaren barruan, urtean zehar beste hainbat ekitaldi ere egin zen. Adibidez, ikuskizun bat prestatu genuen, euskal dan tzak interpretatzeko modua nola aldatu den erakusteko; Campos Elíseos antzerkian emanaldi bat izan genuen (Bilbon), edo hainbat erakusketa, hitzaldi, edo urtebetetzea.

Azken hori belaunaldi ezberdinetako kideak eta laguntzaileak elkartzeko topaketa moduko bat izan zen, urtebetetzea ospatzeko festa. Hainbat ekitaldi egon zen, musika-arlokoak batzuk eta besterik gabe ondo pasatzeko beste batzuk, eta, gainera, inaugurazio bat ere izan genuen, eta ez nolanahikoa. Hara, 1968an, DANOK BATi kale bat eskaini zi tzaion (1932an sortu zuten eta herriko zilarrezko domina ere bazuen); duela gutxi, berriz, GANERANTZ MENDIZALE TALDEAri egin zitzaion aitortza (1953an sortua da), parke berri bati izen hori jarriz; bada, aurten, berrogeita hamargarren urteurrena ospatzen dugun honetan, alde zaharreko kantoi bat, Erdiko kalea eta Santa Maria kalea lotzen dituen kantoia, ELAI ALAI izenez bataiatuko da.