2004rako Plan estrategikoa

 

Enpresa-munduan egindako ibilbide labur hark eman zigun eskarmentuak lagunduta, etorkizunari buruz profesionalek bezala gogoeta egiteko premia sortu zen.

Kulturaren arloan egiten genuen lana ez zen –tamainaz diogu– nolanahikoa, eta, hortaz, aurrekontua ere ez genuen makala. Horregatik, egitura ondo-ondo definiturik eduki behar genuen, eta gure helburuei begira beti.

Epe laburrerako eta luzerako plan estrategiko bat egitea aitzakia hartuta, gure kideek lehenaldiari eta etorkizuneko helburuei buruz hausnarrean egiteko beta izan zuten, garbi-garbi zutelarik ELAI ALAI
ez dagoela bazkideen zerbitzura, denen artean adostutako helburu edo misio bat lortzeko tresna dela, aitzitik.

MISIOA, lanerako goi-argi moduko bat izan behar zuen hori, plan estrategikoa bera bezalaxe, batzarrean adostu genuen: EUSKAL KULTURA TRADIZIONALA errekuperatzea, mantentzea, sustatzea eta zabaltzea; alegia, FOLKLOREA (musika eta dantza), EUSKERA, eta HERRI-TRADIZIOAK (herri-kirolak, artisautza, gastronomia eta abar).

Helburu horrek, jakina, BISIOA zuen bide-lagun: Euskal Kultura Tradizionala sustatze-lanean, Euskal Herrian, aitzindariak izatea, eta, Europan, erreferentzia garrantzitsua.

ELAI ALAI gurea KULTURGUNE bihurtu nahi baldin bagenuen, bi gauza behintzat behar genituen: BALORE batzuk izan behar genituen, parte-hartzea bultzatzeko eta konpromisoa, lankidetza eta taldelana
sustatzeko; eta, lanposturik garrantzitsuenetan, egitura profesionalizatua behar genuen eduki, hainbat behargin liberaturekin.

Gure lanaren eta aurrekontuaren bolumena dela-eta, egitura laboral gutxi eneko bat behintzat behar genuen.

 

Kontua ez zen enpresa bat sortzea, baina nolabaiteko errentagarritasuna bai behar zen, jarraipena bermatzeko. Horretarako, bazkideak genituen, jakina (erabaki-organoetan parte hartzen zuten eta kuota ordaindu ere bai); boluntarioak ere beti izan ditugu, jarduerak prestatzen laguntzeko prest; baina beste jende-klase bat ere kontuan hartu beharra dago, esate baterako, dohaintza-emaileak
(nahi dutenean nahi dutena ematen dute), edo babesleak (jarduera bakoitzak bereak izaten ditu).