Nazioarteko Folklore Jaialdia 1999. urtean 25 urte bete zituen arte

 

1980. urtean ekin zion bere bideari berriz Jaialdiak. VI. Edizioa zen ordukoa, eta aurrenekoz beste zuzendari bat izan zuen: José Ignacio Beitia jaunaren ordez, Txetxu Fernández hasi zen, hurrengo
hamar urteetarako. Egoera sozio-politikoa hobea zen, udal demokratikoa geneukan eta udal-kiroldegia ere bai, garai bateko ZUBI ALDE izotz-jauregia, askoz babesagoa Areiltza doktorearen parkea baino, eguraldi txarra dagoenerako. Gainera, kiroldegiak aukera ematen zuen agertoki zabalagoa jartzeko, taldeentzako aldagela eta guzti, eta ikusle gehiago har tzeko lekua ere bazeukan.

Gure egoitza berriari esker, bestalde, guretzat gakoa zen beste kontu bat ere konpondu zen, alojamendua: ASTI LEKU konplexuaren instalazioak gure eskura geneuzkanez, 15 egunean huraxe izaten zen “jaialdiaren muina”, denen artean ikasgelak logela bihurtzen baikenituen; administrazioko gelak, harrerako bulego; sukaldea, 24 orduko zerbitzua ematen zuen jantokia; atseden hartzeko eta elkarrekin egoteko aretoak ere bazeuden, alegia, xehetasun guzti-guztiak, interprete eta guzti, zaintzen dituen nazioarteko hotela.

VI. edizio hartan zazpi herrialde etorri zitzaizkigun; Ameriketatik, Argentina, Mexiko eta AEB; Europatik, Frantzia, Polonia eta Portugal eta, Afrikatik, Zambia, abuztuaren 4, 5, eta 6an. Ikusita zer harrera ona izan zuen eta zer-nolako arrakasta izan zen, hurrengo urtean hamalau herrialde ekarri genituen parte hartzera, lau egunez. Hortik aurrera, urtero-urtero hiru egun jarri ziren jaialdirako eta beste bat, La Canillako ikuskizun tradizionalekoa, uztailaren 31n, San Inazio egunez, ospatzen zena.

Horrez gain, erabaki genuen jaialdiko partehartzaileen ikuskizunak Euskal Herrian zehar, han-hemen, ematea, talde bakoitzak zekarren ikuskizun folklorikoa ikusteko aukera izan zezaten beste leku batzuetan ere; gainera, herrietan ibiltzeak jaialdia antolatzeko gastuak ordaintzen lagunduko zuela sinistuta geunden.

ASTI LEKUn lan egiten zuen lantalde ugaria aipatu dugu lehen, eta ezin dugu aipatzeke utzi kiroldegian jarduten zirenak ere, haiek arduratzen baitziren kiroldegia antzoki erraldoi bihurtzeaz, agertoki,
argi, soinu, pistako aulki eta guzti. Eta gogoan daukagu, jakina, jaialdia lutuz jantzi zuen tragedia, “lehen eta gero” tamalgarria markatu baitzuen bere garaian.

AMETS BATEN KRONIKA izena izan zuen jaialdiaren lehenengo 25 urteurrena ospatzeko liburu oroigarriak, bertan, Patxi García idazleak honela kontatzen du egun hartan gertatutakoa.

“1986an, XII. Jaialdiaren azkenazkeneko xehetasunak prestatzen ari ziren. ELAI ALAI dantza-taldeko kideak eta pabilioiko langileak, agertokiaren goi-goian jarrita, dekorazioa amaitzen ari ziren.

Bat-batean, inor konturatu gabe, sabaiko ehundura metalikoa, Kepa eta Lucianori eusten ari zena, amildu egin zen bortizki, eta lurrera jaurti zituen biak. Biak hil ziren. Festa izan behar zuena prestatzen ari zirela hil ziren.

Esan beharrik ez dago Portugaleten programatutako ikuskizun denak bertan behera utzi zirela, nahiz eta parte hartzekoak ziren talde guztiek esan zuten prest zeudela dantzan egiteko, hildako bi lagunei goxotasunez agur eta ohore egiteko. Eta halaxe egin zuten La Canilla pasealekuan, jaialdi inprobisatu batean; musikak negarra baretu zuen, eta mundu zabaleko dantzek altzoan jaso zituzten Kepa eta Luciano.

Euskadiko eta Galiziako pintore eta eskultoreen erakusketa ere antolatu zen biei omenaldia egiteko; Juanjo Novella eta Echarte portugaldarren obrak ere han egon ziren ikusgai.

Jaialdi hauek antolatzen lortutako entzute onari esker, CIOFF erakundeak (Folklore Jaialdien Antolatzaileen Nazioarteko Konfederazioak) gonbita egin zion ELAI ALAI elkarteari 1994. urteko kongresuan parte hartzeko, Errusiako Kabardino Balkarian, jaialdi amateurren antolaketari buruzko hi tzaldi bat emanez.