Kultura Tradizionaleko Nazioarteko Topaketak

 

Hauxe izan da, dudarik gabe, Folklore Jaialdiaren osagarri egokiena eta garrantzitsuena, gure antzinako kulturaren eta beste kultura batzuen errealitateari buruz ikertzeko, hausnartzeko eta sakontzeko ezinbestekoa. Sei edizio izan zituen, lehena 1984an eta azkena 1994an.

Garai hartan Eusko Jaurlaritzan Kultura Sailburu zegoen Joseba Arregik berak inauguratu zuen aurreneko topaketa, eta hark esana da hauxe: “Memoria galtzean, nor den eta etorkizunean zer den adierazten duen nozioa ere galtzen du. Eta halaxe gertatzen zaio herriari ere, memoria galtzean, une horretan bertan, etorkizunik gabe geratzen da.”

Euskaditik, Juan Antonio Urbeltz, Karmele Goñi eta Ander Manterolak dantzaz, euskal janzkeraz eta kultura tradizionalarekiko jarreraz hitz egin zuten, eta haiekin batera, hainbat herrialdetako hizlari entzutetsuak ere izan genituen gurean, Kanada, Frantzia, Belgika eta Ingalaterratik etorrita. Jaialdian parte hartu zuten talde kulturalen ordezkariek ere beren komunikazioak aurkeztu zituzten.

Itxiera-ekitaldian berriz ere José Miguel Barandiaranen hitz burutsuak entzuteko aukera izan genuen, beste behin ere onez erantzun bai - tzion ELAI ALAI taldeak egindako gonbitari. Hauxe gogoratu
zigun: “Historia ez da soilik gertakari politiko handien, guduen eta gudu-eragileen kontakizuna.

Herrien eguneroko bizimoduaren, pentsakizunen, sinismenen, ohituren, adierazpenen eta inguruaren kontakizuna ere bada, haien obrena, bizitzeko erarena, beren elkarteena, arte, joko eta diber tsioena. Herriaren biziaren erakusgarri dira, elkarri lotuak, eta elkarrekiko lotura eta elkarbizitza horretan baizik ulertzen ez direnak”.

Bigarren edizioak, 1986koa, Mª Jesús Buxó irakasleak zuzendutakoak, heriotza izan zuen gai nagusi, eta zortzi hizlari entzutetsu izan genituen gurean gai horri buruz bakoitza bere ikuspegia azaltzen.

Horren paralelo “Heriotzaren sinbologia eta erritoak” izeneko erakusketa bikaina ere antolatu genuen. Bi edizioetako hitzaldiak liburu banatan bildu eta argitaratu genituen, Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz.

Hurrengo bi edizioetan, Juan Antonio Urbeltz zuzendari zela, hainbat pertsonaia entzutetsu etorri ziren hizlari, “Emakumetasuna tradiziozko kulturetan”, “Magia, sorginkeria eta tradiziozko kultura” eta “Musikaren zeregin soziala tradiziozko kulturetan” gaiak ahotan hartuta.

Horien osagarri, musika entzunaldi bikainak eman zituzten Valladolideko La Bazanca eta ELAI ALAI taldeetako musikariek.

Topaketa haien seigarren eta azken edizioa 1994. urtean izan zen, “Tradiziozko kultura eta gizarte modernoak” lelopean. Juan Antonio Urbeltzen erakusketaz gain, euskal kulturako jende bikaina bildu zuen mahai-ingurua ere izan genuen orduko hartan.