Ikastola

 

Aurreko kapituluan azaldu dugunez, ASTI LEKU proiektua sortu ondoren, orain, kontua zen proiektu hori Portugaleten bertan gauzatzea. ELAI ALAIko kide asko buru-belarri aritu ziren, horixe baitzuten ametsetako bat. Egitasmoa Alvaro Líbano arkitektoari eskatu zioten.

Portugaleten, garrantzi handiko proiektua izan zen, izan ere ez baitzen nolanahikoa, futbol-zelaia, atletismo-pista, igerileku olinpikoa, tenis-zelaia, lau pilotaleku estali... eta gela-eraikinak, OHOko eta BBBko eskolak emateko. 2.500 bazkide behar zituzten, dirua jartzeko, eta gogotik saiatu ziren jende hori dena biltzen, baina alferrik. Hasierako asmo haiek neurri gabeak ziren, nonbait.

Eskolak, ofizialki, 1978an inauguratu zituzten, baina haur-eskolako eta haurtzaindegiko umeek Santa Maria kaleko geletan jarraitu zuten, FRANCISCO XABIER ELAIALAI Ikastolan. Pedagogia-planean erabakita zutenez, ume horiek, gero, ASTI LEKUra joango ziren OHO egitera.

Elkartea zen titularra, eta ekonomikoki bere buruaren jabe izaten jarraituko zuen, harik eta ASTI LEKUra transferitu arte. Hamarkada hura amaitzerako, bazituen hiru gela eta ia ehun ume. Nonbaitetik zabaldu behar-eta, Familien Elkartearen lokalera jo zuten, beste gela bat atontzeko (Emaldi familiarena zen, eta Santa Maria kaleko 14.ean zegoen). 1991n, ELAI ALAIk eta ASTI LEKUk, lehenagotik ere gauza askotan elkarrekin aritzen zirenez, hitzarmen bat sinatu zuten, zeinaren bitartez haur-eskolen arteko koordinazioa hobetu nahi baitzen. Pedagogia eta ekonomia ASTI LEKUren eskuetan egongo zen, haren esku geratu zen haur-eskola, eta ELAI ALAIk, berriz, lokalak jarri zituen. Trukean-edo, Nazioarteko Folklore Jaialdia iristen zenean, ASTI LEKUk lokalak eta instalazioak lo-toki modura erabiltzeko aukera emango zuen. Behin betiko lekualdatzea, jarduera programa oparo batek lagunduta, 1993an iritsi zen, Ezkerraldeko lehenengo ikastola izan denaren 30.urteurrenarekin batera.

Euskarak ASTI LEKU izan zuen zabaltzeko bide, baina baita HERRIKOA ere, Portugaleteko sare publikoan.