Dantza Taldea

 

Amaitu dira ikastola eta pilota-kontuak, eta ELAI ALAI atzera hasiera-hasierako lekura itzuli nahian dabil gogo biziz, dantza tradizionaletan oinarrituz.

Dantza-atalak, ELAI ALAI dantzari taldeak alegia, bazuen bere zuzendaritza batzordea. 80ko hamarkada iritsi zenean, belaunaldi arteko txandaketaprozesu betean zeuden. Sekulako ahalegina egin zuten, aurreko hamarkadan lortu zuten maila galdu ez, baizik eta finkatzeko, eta erdietsi nahi zituzten helburuen parean eusteko. Ondotxo zekiten elkartearen gainerako jarduera guztia beren esku zutela, dantza-taldearen izateak berak eta funtzionamendu egokiak sostengatzen zuela elkarte osoa.

Hasierako garaietatik 1975.era arte, José Ignacio Beitia, taldeko arimaren ardura izan zen dantzariak prestatzea. Ikasle askori irakatsi zien, bai mutilei bai neskei. Ikasle horiek, eurek ere, neska-mutiko txikiagoak entrenatzen zituzten. Belaunaldi berri horretakoek txanda hartu eta gaur egun arte eutsi diote lan horri, eta hala jarraitzen dute, mende erdi geroago ere.

Hemen ez ditugu bilduko izenak –beste jardueretakoak eta beste urteetakoak ere ez ditugu bildu–, arriskua baitago baten bat ahaztuta uztekoa–, izan ere, emakumezko eta gizonezko asko izan dira enkargu hau jaso zutenak, hots, eurei euren sasoian eman zitzaiena belaunaldi berriei helaraztea eta ematea.

Dantzak aitzakia eta motore moduko bat izan behar zuen, ahaleginean ez etsitzeko eta lortu nahi ziren helburuak erdiesteko, hori seguru zekiten; eta helburu horietako garrantzitsuenetako bat nazioarteko folklorejaialdietara joatea zen, hutsik egin gabe. Baina, horretarako, musikariek eta jantzi-arduradunek ere bazuten zer egina. Ordura arte ere lan itzela egin bazuten ere, momentu horretan, dantza-taldeak dantza gehiago ikasi ahala, musikariek melodia gehiago ikasi behar, derrigor; eta jantziak ere berritu eta goitik behera aldatu behar. Lana, alegia. 1980an hasi ziren, berriz ere, atzerriko jirak egiten. Bretainian izan zen lehenengoa, eta gero, hurrengo urteetan, Israel eta Europako hainbat eta hainbat herrialde: Sardinia, Ingalaterra, Polonia, Hungaria, Errumania, Frantzia, Georgia, Holanda, Norvegia, Eslovakia, Grezia, Bulgaria…

Bidaia horien esperientziek arrasto sakona utzi zuten gure gazteengan. Israel eta hango gatazka, Libano inbaditzear; Polonia sozialista eta hango sarraski-eremu naziak; Georgia eta sobietarren kontrako manifestazioak, Leninen estatua eraistea etorbide nagusian bertan; eta, Estonian, Baltikoko errepublika hartako independentzia ospatzen zuten estoniarrekiko elkarbizitza; altzairuzko oihalaren bestaldeko herrialde batzuetako pobrezia, adibidez, Eslovakia eta Bulgariakoa… eta, batez ere, 1991ko udako autobus-istripu larria. Holandako ikuskizun batera bidaian gindoazen, eta Frantzian gertatu zen istripua, Poitiers inguruan; hainbat kide zauritu ziren, eta haietatik lau larri; BERRIZTASUNA taldekoak ziren, gainera, larri zauritutakoak, taldeak osatzeko guri laguntzen zebiltzanak.

Aipatu beharrekoa da garai haietan arrakasta asko izan genituela batean eta bestean, adibidez, 1983. urtean Castelo de Gorizia Nazioarteko Folklore Lehiaketaren XIII. edizioan parte hartu, eta urrezko domina atera genuen, erreproduzitutako folklore kategorian Bikain kalifikazioa lortuta. Folklore Kongresuan ere hartu genuen parte, eta han erabaki genuen eredu hura bera erabiltzea guk antolatu
nahi genuen Kultura Tradizionaleko Nazioarteko Topaketak antolatzeko. Eta ezin ahaztu 1983. urte hartan bertan, azkenean, entseguetarako lokal egokia ere lortu genuela.

Urrun ikusten ziren, handik aurrera, handik hona eta hemendik hara ibili behar izan genuen urte haietako ibilbidea, hasi Bailen kaleko lehenengo lonjetatik, gero parrokietako lonjetara, Santa Maria Eskolako frontoira, Santa Ana ikastetxera, ASTI LEKUra, Agustindarren musika-akademia….

Azkenean, Mª Díaz de Haro kaleko lokalak eskuratzeko aukera sortu zen arte.

1984. urtean inauguratu ziren lokalak: entsegu-gelak, dutxak, aldagelak, bulegoak, musika-entseguak egiteko lokalak, biltegiak… denetik zegoen han, eta, horri esker, atzean geratu zen, zorionez, adibidez, aldagelen kontua, arropa-aldatzea jendearen etxeetan edo lokal partikularretan egin beharra.

Entsegu-lokal berria martxan zela, gure dantzak interpretatzeko lanari ekin genion, aurreko molde zurrunak apurtuz, eta ikuspegi eszenikoagoa emanez: jantziei gehiago erreparatzen hasi ginen, eta ordu arte dantza-taldeetan oso gutxitan erabiltzen zen instrumentua ere sartzen hasi ginen, trikitixa.

Errepertorioak ere aurrera egin zuen, ugaritu egin zen, Durango aldeko dantzaridantza ez ezik Arratiako estiloko jotak, Gipuzkoako koreografia estilizatuak, Arabako dantzak, Nafarroako folklore ugari
eta anitza, bai eta Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoako inauteri-giroko konpartsak dantzatzen hasi ginen.

1981. urtean, ABESTI SOÑU ETA DANTZA ikuskizuna aurkeztu genuen, Portugaleteko ZUBI ALDE pabilioian, eta herriz herri zabaldu genuen hortik aurrera.

1988an, Areiltzaren Doktorearen parkean, SUSTRAIAK ikuskizuna erakutsi genuen lehenengoz, gure elkartearen 25.urteurrena ospatzeko; izenak berak erakusten du ikuskizun horren bitartez zer nahi genuen lortu, hau da, gure aurrekoek belaunaldiz belaunaldi eraikitako kultura oparoa agerian jarri eta erakustea.

Egindako lan onaren eta emandako maila onaren ondorio, atzerrira ere joan ginen gure ikuskizunak erakustera, probintziako hainbat ekitaldira joateko ere gonbidatu gintuzten (HERRIZ HERRI zirkuitura,
adibidez, DANOK BAT taldearekin), bai eta estatura ere (Madril, Castello, Teruel, Lleida, O Grove…). Cerveran (Katalunian) Bizkaiko Foru Aldundiak zuhaitz bat landatzeko antolatutako ekitaldi batean
hartu genuen parte, eta Galiziako O Gozo mendian ere izan ginen, Euskadiren pabilioia inauguratzen zutela-eta, Jose Antonio Ardantza lehendakaria eta Manuel Fraga presidente galiziarra bertan zirela.

Eta, jakina, hemengo festetan ere beti izan gara tartean, dela San Roketan, San Nikolasetan, Gidako Ama Birjinaren festetan, Inauterietan, Olentzerotan, AEKaren diru-bilketetan…bai eta beste hainbat ospakizun berezitan ere, hala nola, DANOK BATen 50. urteurrenean; ASTI LEKUren ospakizunean; 1982ko IBILALDIAN, gure herrian; Bizkaia Zubiak ehun urte bete zituenean, 1993an, eta Bilboko Guggenheim Museoaren aurreneko harria jartzeko protokolozko ekitaldian. Musikarien taldeari (nagusiki, txistulariz osatutakoa) eusteko, lan gogorra egin behar izan genuen jende berria kaptatzen, dantzarien kasuan bezalaxe, eta, horrez gain, txistuko eskolak indartzen saiatu ginen, entsegu gehiago jarrita, hemengo beste instrumentu batzuk sartuta (alboka, txanbela, gaita eta abar).…

80. hamarkadaren bukaeran, musikaren partea sendotuta edukitzea lortu genuen; 15 musikari bagenituen. Gainera, laurogeiko hamarkadaren hasieran, txistulari txapelketatan parte hartuz hasi ziren, baina, apurka-apurka, txistulariak gero eta gehiago hasi ziren jaialdien inguruan antolatutako kontzertuetan agertzen, eta bestelako ekintza batzuetan ere ohiko egin ziren: herriko festetako diana eta kalejiretan, Santa Agatan, Olentzerotan… 1989. urtean, Bilboko Campos Antzokian izan ziren Folk Musikako I. Nazioarteko Jaialdian, eta ARGI AZKORRIAN diskoa grabatu zuten, gure kulturaren hedabide
izan zedin, hainbat instrumentu joz, gure herri-kantagintzan oinarritutako errepertorioan.

Halaber, herrian lehendik ere bazen tradizioari berriz helduz, 1990. urtean abesbatza martxan hasi zen berriro, ELAI ALAI Orfeoi Jarrilero izena hartuta, Portugaleteko kantagintza bildu eta zabaltzeko.

Alfredo Cobos izan zen, ostera, abesbatzako zuzendari. Berehala hasi ziren gonbita jasotzen ekitaldi batera eta bestera joateko, eta disko bat ere grabatu zuten.