Benito Lertxundi

 

Euskal kulturako beste gizon handi bat, harreman handia izandakoa ELAI ALAI taldearekin.

1942. urtean jaio zen Orion, eta gure musikako figura bikainenetakoa izan da azkeneko 50 urteotan. EZ DOK AMAIRU mugimenduan ibili zen gaztetan, eta, aurreko kapituluan esanda bezala, ELAI ALAI taldeak aurkeztu zuen Portugaleten aurrenekoz.

Aurrenekoz 1969. urtean izan zen gurekin, agintari frankisten debeku eta guzti, Santa Maria kaleko ikastolako lokaletan abesten, Mikel Laboarekin batera.

Kantautore izugarri entzutetsua eta maitatua da, hala erakusten dute eginda dituen dozenaka diskoek eta Euskal Herriko bazter guztietan eta beste herrialde askotan emandako kantaldiek.

Besteak beste, esandakoez aparte, Itzaltzuko bardoari LParen aurkezpena nabarmendu nahi genuke: 1981ean izan zen, MAR zinea zen hartan. Gero, 1985. urtean, beste lan bat aurkezteko eta beste behin 1987an, ARGIA taldearekin Folklore Jaialdian, zeinean ELAI ALAI taldearen ereserki bihurtu zen konposizioa aurkeztu zuen, gerora, urtero-urtero, Jaialdia ixteko ekitaldian abesten dena.