XIX. mendea. Marcos Escorihuelaren deskripzioa

 

Marcos Escorihuela doktoreak, 1870ean idatzi zuen Topografía de Portugalete liburuan bertoko jendearen zenbait bereizgarri azaltzen dizkigu; XIX. mendearen lehen erdialdeko biztanleenak,
beraz. Janzkerari dagokionez, hurrengo orrialdetan ikusgai daude sasoi hartako jantzien marrazkiak–, hona zer dion: Burua “antzina-antzinako artilezko txapelaz estaltzen dute, zuriaz ezkongabeek,
urdinaz ezkonduek” eta “jantzi, alkandora, artilezko elastikoa eta, gainetik, brusa; prakak ibiltzen dituzte; oinak eta bernak artilezko zati zuri edo hori batez biltzen dituzte eta abarkak janzten”.”Itsasoan dabiltzanek bota sendoak erabiltzen dituzte, ezetasunerako iragaitzak”. “Ileari pixkat besterik ez diote uzten hazten; ez horrela emakumeek: bakarren batzuk ezik beste guztiek ile-mototsak baitaramatzate erantsiak; apainduratzat daukate mototsak solte eta bizkarretik behera metroa baino gehiago utzita eramatea.

Burua zapi zuriz estaltzen dute ezkonduek eta helduek; gazteek zenbait koloretakoez, eta, betiere, burukoaren eran jarrita. Bularra jaka karratu estu samar batez biltzen dute eta eskotearen ordez
zapi koloredun bat eraman ohi dute; gonen berezitasuna da baietazko zati karratuzkoak eta kolore apetatsuzkoak direla, eta gizonek bezala abarkak janzten dituzte, bernak baietazko gona zuriz estalita,
nahiz eta maiz oinutsik eta berna agirian ibiltzen diren, udan batez ere”.

Potugaletetarrak gogotsuak, langileak eta baketsuak dira eta bi maitasun besterik ez dute bihotzean sakon: Jaungoikoa eta fueroak. Antzina aspaldiko herria eta mendeetako legeak dituena izanik,
normala da bertako biztanleak eite berezikoak izatea beren dibertsio eta jostaketetan ere.

Aurresku izeneko dantza foruak bezain zaharra ezezik zaharragoa ere bada. Aurreskuan banaka nabarmentzen dira dantzariak; batek dantza egin eta taldeko besteek borobiletan jarraitzen diote elkarri
eskutik eutsita. Nahitaezkoak dira bizitasuna eta entzumen fina txistu-danbolinen hotsek ezarritako erritmoan mugitzeko. Musikaria bakarra da. Dantzariak bere dantza amaitutakoan, aurrean jartzen dioten neskaren omenez dantza egiten du; eta horrela beste guztiek ere, txandaka, mutil bakoitzak bere neska duen arte.

Orduan denek batera dantzaten hasten dira. Soin-ariketa alai horrek indar handia du probintzia hauetan, hain handia herri guztiek dute euren danbolinteroa, udal-diruz ordaindua. Haren betebeharra
da jai egun guztietako goizetan zortzikoa izeneko doinua jotzea herrian batera eta bestera, eta, plazan arratsaldetan. Han ia herri osoa biltzen da horren libertimendu garbiaz gozatzera. Hiribildu
honek, gainera, orkestra normal bateko gastuak ere ordaintzen ditu. Orkestrako zuzendariak, mutiko batzuei musika doan erakusteko betebeharra du”. “Bola-jokoa eta pilota dira herrialde honetako hiribildu eta herrixka guztietako beste jolasak (beraz, baita herri honetakoak ere)”... eta nonahiko jaiak eta erromeriak zaratatsuak badira ere, “beste herrialdetako inontxo ere ezin izango da esan hemen baino arrazoi handiagoz, bolbora erabiltzen denik salbetan: berri on bat denean, umore oneko baten urtebetetzean, edozein kategoriatako ezkontza eta bataiotan e.a, e.a.etan”...; jai alai horiek
plazetan ospaten dira; eta plazetan izaten dira, urte-erdiko baino gehiagoko jai egunetan, zezentxo boladunak, biztanle hauek gehien nahitako dibertsioa baita hori ere

Escorihuelak jasota utzi zigun gertatzen ari ziren aldaketek berari eragin zioten kezka bizia ere. Ezin izan zituen jaso gabe utzi Euskal Herria, industriairaultzan bete-betean murgildua zegoen aldi hartan,
jasaten ari zen aldaketak, bai paisaian eta bai gizarte- bizitzan ere. Izan ere, “oso arduratsua zen Euskal Herriko ohiturei, erlijioari eta fueroei zegokien guztian”. Eta artean iristekoak ziren bai gerra zibila eta bai industriaren garapeneko urte zoroak ere, meatzak ustiatzera eta fabriketan lan egitera Espainiako hainbat probintziatatik etorritako jendearen sekulako inmigrazio urteak.

Escorihuela doktoreak eskainitako berri hauez gain, baditugu mende horretako beste batzuk ere aurreskuari eta beste dantzei buruzkoak. Mende amaieran “euskal” edo “eusko” hitza itsasten
zitzaien dantza horiei. Ordura arte ez ziren irakasten, ohikoa baitzen jaietan, ibilian-ibilian, berez ikastea; emakumezkoek ere egiten zuten jaietan. Bilboko udatiar batek 1857an idatzitako gutunean gure herriko jaiak aipatzen ditu eta esaten du “aurreskua ere dantzatzen dela esan eta nahikoa da; eta, egun batean, bai bikain dantzatu ere Emilioren emazteak, Antonia jostunak”, eta Noticiero Bilbainon, 1875eko irailaren 15ean, III. Karlistadako gerra liberalek irabazita amaitutakoan, erromeria alai eta bizi bateko aipamena dugu: “emakumeek izan zuten parterik nagusiena, eta liberal gogo eta berotasunaren eredu izan ziren, ohiturako aurreskua dantzatu zuten eta han bildutakoen txalo zaparrada jaso zuten”.

Aurreko lerroetakoak XIX. mendeko Portugaleteko bizitza nolakoa zen oso samar adierazten digu, estropadak aipatzen ez diren arren kirolen artean, nahiz eta agertu agertzen ziren orduko 60ko hamarkadako jaietako programetan. Hizkuntzari buruz ez dugu inolako aipamenik.

Aitortu beharrekoa da euskara –euskal herriaren oinarrizko balioa, herriari berari izena ematen diona, atzeraka hasia zela lehenagoko mendeetan Herrialdeko mendebaldean. Gure hiribildua Enkarterrietako lurraldean eraiki zen XIV. mendean eta haien mugan zegoen; Ibai inguru erdalduneko jendeak osatu zuen gehien batean biztanlegoa, eta hasieratik itsas-merkataritza izan zuen bizibide.

Horrela, bada, gaztelania erabat nagusitu zen. Euskal Herriko barren aldetik eta Ibaiaren eskuin aldetik etorri eta hemen berton bizitzen jarritako euskaldunek, haietxek eutsi zioten euskarari eta haiek egiten zuten euskaraz, baina gutxienak ziren. Hala ere, Udaleko Historia Agiritegiko agirietan jasota dago, auzietan, alkateak euskaraz ez bazekien, interpretaria erabili beharra zuela.

Honetan ari garenez, esan beharra dugu Ibaiaren beste aldeko euskal inguruko baserritarrek ekartzen dituzten barazki eta fruten merkatua beti izan dela euskal gunea, milaka urteko hizkuntzaz egin izan
eta egiten den gunea.