Gerra osteko urteak, 1962ra artekoak

 

Gerra zibila trauma izugarria izan zen herri guztiarentzat, baina askoz ere gogorragoa galtzaileentzat, era guztietako debekuak ezarri zitzaikien eta, batez ere idiologia- eta kultura-motatakoak.

Erregimen totalitario hark ezarritako ideologia bakarra eta beraren dogmak eztabaida ezinak ziren, eta, handik aparteko edozein aldarrikapen jazarri egiten zuten eta zorrotz zigortu.

40ko hamarkadako lehen urteak izan ziren gogorrenak. Euskal kulturaren edozein zeinu susmopean sartzen zen. Legez kanpo utzitako euskal nazionalismoko erakundeko kidetzat jotzen zuten aipatutako
zeinurik agertzen zuena.

Erregimenak agindutako eran, eta ez bestela, erabil zitezkeen euskal ikurrak eta tradizioak esaterako txistulariak–, eta betiere erregimen berri hark ezarritako balioak goratze aldera. Hala, Hiribilduaren “askatzearen” lehen urteurrenean, Falangeren desfile politikoak txistulari eta guztikoak izan ziren, eta jaietako programetan txistua kolore nazionalek nabarmenduta agertzen zen.

Gerraren ondorio ekidin ezineko bajak batetik eta garbiketa politikoa bestetik, Hiribilduko musika-tradizioak, sor, baina iraun egin zuen Udal Musika Bandari, Txistularienari edo Danok Bat abesbatzari
esker. Azken talde horrek parte hartu zuen 1946an “Brusen lehiaketan”; orduko hartan koadrilek zuten goiburua hau zen: “Ahal den ondoen pasa ezazu, baina inori enbarazorik egin gabe”. Musikak jaietan aparteko garrantzia zuen, zortzikoteen, soinularien, organoaren eta orfeoien kontzertuak zirela eta.

Musika bandek jotako dianak edo txistularien alboradek esnatzen zituzten portugaletetarrak mende hasieraz geroztik; agian lehenagotik ere bai. Gaur egunean kantatzen den dianaren hitzak Pedro Herediarenak dira, Amenabar maixuaren musikarako prestatuak, DANOK BATek kantatua, txistuz eta zigarro paperdun erratz-kainaberez lagunduta.

Dantza-taldeak direla-eta, 1943an DINDIRRI taldea eratu zen Bilbon eta, hamarkadaren amaieran, 1949an, Barakaldoko LAGUNTASUNA. Hiribilduan, batez ere Falangeko Sección Femeninakoak ziren taldeak. 1948an “dantza folklorikoen emanaldia” eskaini zuten.

Hurrengo urtean, 1949an, txistua izan zen nagusi jaietako karteletan, eta aipatu behar dugu Santa Maria ikastetxeko mutikoen dantzataldea sortu zela, ikastetxearen beraren ekimenez. Gerardo Goiriena zuten preparatzaile, Bilboko DINDIRRIko dantzaria. Harena zen ikastetxeko ikasleei erakusteko ardura; ikasleen artean zegoen gero ELAI ALAIko buru izango zen Juantxu Uribarri.

Talde hark bi urte besterik ez zuen iraun eta euren ekitaldietako bat izan zen Begoñako Amaren Bizkaian zeharko ibilaldian Portugaleten ongi etorria egitea Falangeko emakumeen taldearekin batera. Argazkietan ikusten dugunez, laguntzen zien txistularia Luis López de Bergara zen, Udaleko lehen txistularia.

Jarduera guztiei ezarritako zentsura lehuntzen hasi zen 50. hamarkadan, egoera zertxobait “irekitzen”, alegia, nazioarteko zenbait gertaerei esker, Ameriketako Estatu Batuek erregimena aitortu zutenean eta Espainia NBE-n sartu zenean. Bestalde, demografia erabat aldatzen hasi zen Portugaleteko gizartearen osaketa: 1950ean 12.200 biztanle zituen eta hamarkada hartako amaieran 22.600 ere bai; ia bikoiztu egin zen biztanle kopurua industriak eskaintzen zuen lan bila etorritakoekin.

1950ean Portugaleten jarri zen bizitzen Vicente Landaluce Elejalde, aspalditik txistulari familia zen bateko semea. Castaños jeneralaren kaleko Txistu taberna eduki zuen.

1952an txistu-eskolak ematen hasi zen eta berebiziko lana egin zuen tresna hori berreskuratzeko Hiribilduan. 1953an kontzertuak ematen hasia zen tabernan Jose Mª Angulo Egaña bere lehendabiziko ikaslearekin batera. Herriaren oso gustukoak ziren kontzertu haietan beste bi ikasle batu zitzaizkien gero: Vicente Arizmendi eta Valentin Arana. 1957an LAGUN ONAK banda sortu zuten; jarduera ugari bete zuen banda hark eta merezitako izena lortu ere bai Bizkaian.

Urte haietan beste dantza-talde bi sortu ziren gure ingurutik hurbil: Santutxuko GAZTEDI 1951ean eta Lutxanako AMAIA 1955ean.

Hamarkada hartan bi talde garrantzitsu izan genituen gure artean gure jaietan. 1952an Educación y Descansoko BETI ALAI taldea, “60 lagun ziren dan - tzari, txistulari, soinulari, albokari, panderojole eta
abarren artean.” 1958an, berriz, Franco ibili zen itsasadarrean, eta, Areilza doktorearen parkean antolatu ziren Arteko Jaialdi Handietan, OLAETA BALLETAK aritu ziren, Segundo Olaetaren zuzendaritzapean, koreografo eta dantzari nagusi Victor Olaeta eta beste dantzari sonatuak: Lide Olaeta, Txomin Unzalu e.a. Programa zabal hark barne hartu zituen J. Francoren “Las cuatro estaciones”eta J. Guridiren Amaiako“Plenilunio y danza guerrera”.

Gainontzean ugariak ziren “Frente de Juventudeseko ordezkaritzek antolatutako folklore jaialdiak”; 1959an jada “eskualdeko dantzak” esaten zitzaien. 1956ko jaietako programan dantzari bat eta txistulari bat agertzen dira, baina oso kolore esanahitsuz.

Elkarteen atalean nabaritu beharra dugu GANERANTZ menditaldearen sorrera 1953an. Burokraziako hainbat oztopo gainditu behar izan ziren eta taldeko kide ezagun batek Falangen izena emanda egon behar zuen. Talde hartako lehen burua Pablo Escudero izan zen. Gure nazio nortasuna berreskuratzeko lanean ari ziren lagunen artean harremanak ezartzeko bidea zabaldu zuen taldeak.

Pablo Escuderok, urte batzuk geroago, bere etxea utziko zuen umetxo talde txiki bati euskaraz irakasteko.

Hura izan zen ELAI ALAIren ernamuina. Eta Pablo halakorik egiten lehen gurasoa. 1956an BIZI ALAI sortu zen. Talde haren gurasoa Mikel Ruiz izan zen. Gazteek batzea zuen helburu, elkarrekin ondo pasa zezaten txangoak eginez eta bestelako jardueretan arituz, kulturari eta kirol jardunari begira betiere. 1957an EUZKO LORAK ernetzen hasi zen Sestaon. Gero eredu garrantzitsua izango zen Portugaleteko ELAI ALAIren egitasmorako.

Hurrengo hamarkadaren hasieran, 60.arenean, Herrialdean euskal kulturaren berpizkundea nabaria izan zen. Portugaleteko gizarte bizitzaren arda - tzak aipatu ditugun elkarteak ziren, baita PORTUGALETEko FUTBOL CLUBa eta SAN NIKOLAS ARRAUN TALDEA ere, nahiz eta azken hori motel eta ilun bizi zen. Horrez gain, demografiak aldaketa eskerga jasan zuen berriro; Espainiako probintzietatik hona heldutako etorkin kopuruak laukotu egin zuen, bi hamarkadatan, 50eko biztanlegoa, eta bertoko betiko kultura galtzeko arriskua ekarri ezezik, herriko paisaia ere –ondartza, landak eta eraikin enblematikoak– suntsitseko zorian jarri zuen.

Santa Maria ikastetxean euskara irakasten hasi ziren gau eskoletan, Larrinaga, euskaldunzahar eta beharginari eta Felipe Monasteriori esker. Ez zuten luzaroan iraun eskolek. Bestalde, Alejandro Etxebarriak Errepelegako abadearen etxean irakasten zuen Euskerazaleak-en metodoa erabiliz. Udalaren kultura jardueraren ardatz Festivales de España (Espainiako Jaialdiak) izeneko jaialdiak ziren. Areilza doktorearen parkean egiten ziren, antolatzaileak Udala bera eta Inforrmazio eta Turismoko Ministerioa ziren. Programa zabala zuten oso: Antonioren Ballet Nazionala, zenbait opera, Bilboko Orkestra Sinfonikoa Atxukarrok zuzendua e.a. Espainiako batel-txapelketa eta Hegoaldeko Euskal Eskualdetako igeri-txapelketa ere antolatzen zituzten.

Ojilloko San Antonio Akademian, 1961ean, Pilar Ruiz maistra gazteak “el Club de los muchachos” antolatu zuen bere ikasleentzat eskolaz kanpoko jarduetarako.

Lau talde ziren: mendikoa, futbolekoa, kazetaritzakoa eta euskal dantzetakoa. Azken horretan ibili zen, besteak beste, Jabi Beitia, eta talde hori izan zen ELAI ALAIren geroko dantza-taldearen ernamuina.

1961ean parroko berria izendatu zuten Portugaleteko parrokiarako: don Angel Chopitearen ordez don Pablo Bengoetxea etorri zen. Portugaleteko herriaren aldaketan eragina izan zuen ordezkapen hark. Parroko berriak elizatik kendu egin zituen ikur politikoak, baita “jausien” oroitarria ere, beste erara antolatu zituen parrokiak lehendik zituen eginkizunak, hurrengo urteetan Vaticanoko II. Kontzilioak erakutsiko zuen espiritua aurretiaz ekarri zuen, eta eskatzen zuenaren esku jarri zituen “escuelas del Campo” eskola zaharretako gelak. Eskola haiek lehenago udalarenak ziren, baina parrokiaren jabetzara pasa ziren, Santa Maria kaleko abade-etxe zaharraren orubearen truke, udalak Salazar dorreko lorategia handitu nahi zuen han eta. Dantza-taldeko aholkulari espirituala ere izan zen don Angel, eta beregana jotzen zuten taldekoek ekitalditarako gobernuko baimena behar zenean, eska zezan.

Parrokiaren inguruan aritzen ziren bai scout taldekoak bai HOAC-eko langileak (Hermandad Obrera de Acción Católica) zein JOC-ekoak (Juventud Obrera Cristiana); horretakoa zen, eta GANERANTZekoa
ere bai, Sabin Ipiña, gero ELAI ALAIko buru izango zirenetakoa. Gizarte-eremu horretan egin zuten bat politika-arloan eta kultura-arloan antzeko kezkak zituzten eta indarrean zegoen legetik kanpo mugitzen ziren gazte batzuek. Pauso txikiak eginez hasi eta, hala, Portugaletek lehendik zuen euskal kultura berreskuratzeko kultura egitasmorik garrantzitsuena lortu zuten. Kapitulu hau itxi baino lehen adierazi beharra dugu Portugalete bere betiko paisaia fisikoa ere galtzen ari zela: ondartza, berdeguneak eta eraikin enblematikoak bai frontoia bai baselizak zein bertoko burgesiaren jauretxeak–.

Kultura-arloan galdua berreskuratzerik izan da; beste arlo horretan galdua ez.

Hor dago kontua.