Sarrera eta hastapenak. Dantza-taldea

 

Aurreko orrietan esan bezala, bazen San Antonio ikastegian Club de los muchachos izeneko talde bat, Pili Ruizek zuzentzen zuena; talde horrek, beste hainbat atalen artean, dantza-atala zeukan. Javi Beitia eta Ricardo Pérez ziren atal horretako buru.

Javi Beitiak bere anaia José Ignacioren laguntza jaso zuen taldea prestatzeko. Pili Ruizekin aipatutako ikastegian bilera egin ondoren, entseguekin hastea erabaki zuten, Josetxu Beitiak Bailen kalean utzitako lonjan; hala, ez zuten parrokia-etxeko arkupeetan aire zabalean ibili beharrik izango.

Honako hauek zeuden, besteak beste, talde horretan: José Luis Garaizabal, Txetxu Fernández, Genaro Mendizabal, Eduardo Castillo, Iñaki Mugarra, Duque, Goikolea eta Pinedo.

Pixkanaka, lagun edo auzokide zituzten beste batzuk ere joan ziren taldean sartzen.

Lehenengo entseguak gogaikarriak izan ziren, zorua hormigoizkoa izatean hauts asko harrotzen zelako; dena den, terrazoa jarri zutenean, konpondu zen arazoa. Pixkanaka, entseguak maiztasun handiagoarekin egiten hasi ziren, eta taldekideen arteko laguntasuna handitzen joan zen, ikasteko eta hobetzeko grinarekin batera.

Adiskidetasun horretan oinarrituta erabaki zuten hurrengo urtean, 1963an, «formalki» dantza-taldea sortzea. Aldi horretan, sekulako laguntza jaso zuten Sestaotik bertaratzen ziren Euzko Lorak taldeko kideen aldetik.

Ekainaren 6an egin zuten aurreneko bilera, beitiatarren etxean zehazki, eta hantxe erabaki zituzten taldearen izena eta Zuzendaritza Batzordea.

Konnotazio politikoak zeuzkatela-eta, baztertu egin zituzten Zubirena eta Euzko Gaztedi izenak, eta ELAI ALAI aukeratu zuten, Segundo Olaetak 1927an Gernikan sortu zuen taldearen omenez. Talde hura desagertu egin zen gerraren ostean, baina Segundoren seme Víctorrek lekukoa hartu, eta, 1949an, Olaeta balleta sortu zuen Bilbon. Geroago, bertako dantzarietako bat, Txomin Unzalu, Gernikara aldatu zen, eta ELAI ALAI sortu zuen berriro ere, 1965ean. Hortaz, izen bereko bi talde zeuden.

Hautatu zuten Zuzendaritza Batzordean, Andrés Javi Rueda zen presidente, Jon Cobos idazkari, eta Carlos Santacoloma diruzain. Finantzatzeko, bazkideek 5 pezetako kuota ordaindu behar zuten, eta dantzariek erdia. Taldearen egoitza Bailen kaleko 7.eko lonja berrian zegoen; Josetxu Beitiaren jabetzakoa, hori ere.

1963ko San Roke jaietan dantzatu zuen taldeak aurrenekoz jendaurrean, taldeko bertako txistulariez lagunduta; nolanahi ere, orduko hartan, jaiari euskal ukitua ematea zuten asmo bakar.

Taldea gehiago kohesionatzeko helburuz, inguruetako jai eta erromerietara joaten hasi ziren: Azkorriko paellak, Santa Agata, Sopelako Euskal Jaia, eta abar.

Hurrengo urtean egingo zuen taldeak bere aurreneko ekitaldi ofiziala, 1964ko ekainaren 7an. Elizako zelaitik plazaraino egin zuen desfilea, eta plazan eskaini zuen emanaldia. Bilboko lagun-talde batek ordaindu zituen emanaldi hartan erabilitako jantziak; makilak eta uztaiak, berriz, Pablo Bengoetxea apaizak, eta iragartzeko kartela Gaseosas Berriatua enpresak.

Honako kide hauek zituen José Ignacio Beitiak prestatutako taldeak: Arantza Bezares, Begoña Beitia, Mª Carmen Morcillo, Regina Pradas, Fidela Calvo, Loli Lavilla, Txaro Llarena, Isabel Bilbao, Javitxa Martinez, Txetxu Fernández, José Luis Garaizabal, Kike Gil, José Antonio Zenarruzabeitia, Iñaki Ortiz, Andrés Javi Rueda eta Jontxu Cobos. Baziren, gainera, bi txiki (Manu Beitia eta Itziar Mancisidor) eta lau txistulari ere (Vicente Arizmendi, Pepín Garrigós, Tinín Arana eta Emilio Larrabide).

Egun hartan bertan, I. Jota Txapelketa izan zen herrian; Demetrio Garaizabal, Francisco Ellauri, Manuel Guerricabeitia eta José Luis Bengoa ziren epaimahaikide. Herriko txapelketa horien historian betiko idatzita gelditu dira lehen saria irabazi zuen bikotearen izenak: Javier Urquidi eta Mª Angeles Mendizabal. San Roke jaiei dagokienez, Udalak hainbat urte zeramatzan «erromesek bete beharreko arau bereziak» ezartzen; egitarau batzuetan, gainera, ohar hau ere ageri zen: «JAITSIERAN, erromesek ezin izan go dute gelditu, eta ilara batetik besterako tarteak ez ditu sei metro baino gehiago izango».

Jai nahaspilatu horiek ez zirenez inoren gustuko, bultzadak eta lasterketak b a i t z i t u z t e n ezaugarri, taldeak, 1964an, erromesaldiaren zentzu tradizionala berreskuratzea erabaki zuen.

Hartarako, besteak beste Euzko Lorak eta Algortako Itxas Gane taldeak gonbidatu zituen. La Canillan entsegu bat egin ondoren, bereiz egin zuten jaitsiera, amaieran.

Horrekin batera, bazkari bat antolatu zuten kanpotik etorritako taldeetako 120 kideentzat, Udalaren kontura. Otordu hartan, denak elkarrekin zirela, hurrengo urteetako jaitsierak moldatzeari ekin zioten.

1964an, beste hainbat herritako jaietan (Sestao, Etxe - barri, Muskiz…) parte hartzen hasi zen taldea, Euzko Lorak taldearekin batera. Ohitura hori errotzen joan zen urtetik urtera, eta beste herri gehiagotan ere aritu ziren: Deba, Erandio, Santurtzi, Sopuerta... Taldeak, edonola ere, ez zion utzi herriko jai guztietan parte hartzeari: San Kristobal jaiak, Gurutzearen jaia, eta abar.

Irtenaldi haietako lehena Sestaora egin zuten, San Ignazio egunean, Euzko Lorak taldeak dantza- eta txistulari- taldeei egindako deiari erantzunez.

Egun gogoangarria izan zen hura; izan ere, herriko kaleetan txistua jotzeko debekua zegoenez, tentsio handiko uneak bizi ziren, poliziaren jardunaren ondorioz.

Argigarria da 1964ko udako jaien egitarauaren azala: «XXV AÑOS DE PAZ. BAJO EL SIGNO DE FRANCO. EN LA PAZ DE ESPAÑA».

1965ean, San Roke jaietako jaitsiera bertan behera uzteko arriskua ikusita, Jai Batzordea sortzeko proposamena luzatu zien taldeak Portugaleteko gainerako elkarteei. Bizkaian ekimen aitzindaria izan zen hura, segur aski. Udalak ere hartu zuen parte. Kartel bereziak editatu zituzten, 1946ko blusen leloarekin: «Diberti zaitez ahal bezainbeste, inor gogaitu gabe». (Kartel horietako batzuk aurreko orrialdeetan daude ikusgai.) Halaber, 40.000 pezetako aurrekontua onartzea lortu zuten, eta, horri esker, egitarau oparoa osatzea: txistularien alardea, joten eta lagun-taldeen lehiaketak, haur-jolasak,
eta abar. Hamahiru kuadrilla edo laguntaldek hartu zuten parte, herriko blusek osatutako hiruk (ELAI ALAI, Jatunak eta Lora Barri), eta Sestao, Urioste eta Barakaldotik etorritako hiruna gehiagok.

Bertan izan zen Cartón del Resbalón banda ere. ELAI ALAI taldeak eta Sestaoko Euzko Lorak taldeak eskuratu zuten lehen saria.

Ekimen horrek kritika ugari jaso bazituen ere, kolaborazionismoa egotzi zioteneta, arrakasta izan zuen, eta, hurrengo urteetan, eredu gisa hartu zuten herri askok. Jaia berpizten hasi zen, eta oihartzun handia izaten. Horrenbestez, inguruetako herriak ere (Sestao, Erandio, Santurtzi) jaitsiera antolatzen hasi ziren. Gabonetan, jaialdi bat antolatu zuen taldeak.

Lokal itxi batean eta ordainbidez eskaini zuen aurreneko emanaldia izan zen hura. Danok Bat zortzikotea, Bilboko Udaleko Txistulari Banda eta Txema Lorenteren taldea –handik gutxira, Los Barbis
izena hartu zuen– izan zituen kide.

Urte hartan, armarri berria estreinatu zuen elkarteak; aldaketa txiki batzuk izan ditu urteen joan-etorrian. Armarri hori emanaldi guztietan erabili du taldeak, hala jaietan, nola ekitaldi instituzionaletan; besteak beste, Coliseo Javan izandako jaialdian, eta Bizkaian 1966ko uztailean bigarren UHF telebista-katea inauguratu zutenean.

Aipatu beharra dago 1965erako beste elkarte batzuk ere sortu zirela Portugaleten; adibidez, Sociedad Cultural izenekoa, urte batzuk geroago El Abra aldizkaria argitaratuko zuena, edo Lora Barri, dantza-taldea ere bazuena. Horretaz gain, nabarmentzekoa da 1966ko San Roke jaien egitarau ofizialean azaldu zela aurrenekoz taldearen izena, baselizako mezaren osterako: «Ohorezko aurreskua eta ELAI ALAI dantza-taldeen emanaldia».

Egun hartan, Lora Barri taldeak irabazi zuen lehen saria; ELAI ALAI bigarren gelditu zen. Bi taldeon artean nolabaiteko lehia piztu zen –hurrengo hiru urteetan, ELAI ALAIk lortu zuen lehen saria–, eta hori aberasgarria izan zen jaietarako. Pixkanaka, handitzen joan zen dantzarikopurua. Txikien talde bat ere sortu zen, urte hartan bertan aurkeztu zena.

Esan bezala, era askotako ekitaldietan hartzen zuen parte taldeak: taldeko kideen edo beste portugaletetar batzuen ezkontzan, Pablo Bengoetxeari egindako omenaldian, kirol-ekitaldietan, eta abar. Gainera, ez zuen bere eremua Portugaletera mugatzen; beste udalerri askotan ere ibiltzen zen, Bizkaian bereziki: alardeetan, euskararen aldeko jaialdietan, euskal jaietan, eta abar. Hala, Bilboko Hareatzan 1967ko abuztuan eskaini zuen lehenengo emanaldia, eta abenduan Santurtziko Consa zineman aritu zen, Biotz Gaztea taldearekin batera.

Argi dago ELAI ALAI taldearen jarduerak oso eragin handia izan zuela talde berrien sorreran; hori horrela, 1967an Ikusgarri taldea sortu zuten Errepelegan, 1968an Gaurko Gazteak Buenavistan, eta
1970ean, San Roke jaietan, Berriztasuna taldea agertu zen; txikien talde zabal bat, alegia. Dantza-talde horiek elkarte kultural bat sortzeko xedea ere bazuten, euskal kulturaren beste alderdi batzuk barnean hartu ahal izateko.

Taldeak, gaztea izanagatik ere, 646 bazkide zituen 1967an. Nolanahi ere, kide-kopurua baino askoz garrantzitsuagoak ziren sustraitzen ari ziren balioak, hala nola laguntasuna, taldeko lana, ikasteko grina
eta dantzekiko maitasuna. Hori guztia gazteei helarazi nahi zieten, betiere familia guztien baldintzarik gabeko babesa lagun.

Besteak beste taldeko lanari ematen zioten balioa agerian gelditzen zen gazte-taldeak, alaitsu, San Roke zelaian txosna jartzen aritzen zirenean, edo, ondoren ikusiko dugun bezala, Santa Mariako
egoitza sozial berriaren fatxada berriztatzen. 1967ko jaietan, zapi horiak erabili zituzten aurrenekoz, portugaletetar petoak zirela nabarmentzearren ordura arte, gorri kolorekoak erabiltzen ziren,
jaien egitarauan ikus daitekeen bezala–; bestalde, lehen txosna 1968an jarri zuten, oholak eta olanak erabilita. Horrela, antzinako erromeria tradizionalen izaera berreskuratu nahi zuten, zelaiko zuhaizpean bazkaria eginda eta guzti; horregatik, hurrengo urtean, mekano-hodiak erabili, eta baserri itxura eman zioten txosnari. Halaber, atorraren eta abarken ordez, arrantzale-arropa eta espartinak erabili zituzten.


Gazteek oso harreman estua zuten, dantzen entseguetan zein gainerako jardueretan, eta taldeko neska-mutil asko ezkondu ziren elkarrekin. Hori gertatzea normala bada ere, ezkontza dezente izan ziren ELAI ALAI taldeko kideen artean. 1968an eta 1969an bakarrik, zazpi ezkontza egon ziren. Taldeak eztei guztietan eskaini zuen emanaldia, eta, ondoren, Justo Martínezen El Metro tabernara joaten
ziren denak, baxoerdi batzuk, urdaiazpikoa eta gazpatxoa hartzera.