Musika-, txistu- eta abesbatza-ikastegia

 

Bailen kaleko lonjetan, solfeo- eta txistu-eskolak ematen hasi ziren, taldearen emanaldietarako txistulariak prestatze aldera. Ondoren, parrokia-etxeko lokaletara aldatu ziren. Celes López de Vergara udal-txistularia izan zen lehenengo irakaslea, eta, geroago, Landaluze musika-eskolan prestatutako beste gazte batzuk ere aritu ziren irakasle-lanetan.

Kabiezesen eta Deban hainbat emanaldi eskaini ostean, txistularibandak 1966ko Zaindariaren Egunean eskaini zuen bere lehen alardea plazan. 21 kide zituen bandak orduan. Hurrengo urteetan ere joko
zuen alardea. Halaber, 1967an, Leioan aurkezpena egin zuen bandak, honako txistulari hauek osatuta: José Mª Angulo, Pepín Garrigós, Tinin Arana eta José Ignacio de la Fuente.

Orobat, abesbatza sortzeko gestioak hasi zituzten 1965ean, herrian aspaldian egondako tradizioa berreskuratzeko eta kanturako ohitura berpizteko. Danok Bat zortzikotea baino ez zegoen herrian, eta beti egon zen laguntzeko prest. Bonifacio Ossa aritu zen zuzendari-lanetan, eta abenduaren 23an eskaini zuen abesbatzak lehen emanaldia jendaurrean, Rantxeria plazan Eguberriko zuhaitz bat inauguratzeko ekitaldian. Hurrengo urteko irailean, zortzikoteko kide batek, Alfredo Cobosek, hartu zuen abesbatzaren ardura, ordurako hogei lagun zituena. Horrenbestez, bideratuta gelditu zen proiektua, eta abesbatza berria txistulari-taldearen edo dantza-taldearen emanaldietako batzuen osagarri modura ere aritu zen.

Nabarmendu behar dugu 1967an berreskuratu zela Zaindariaren Egunean diana kantatu tradizionala jo -tzeko ohitura, Amenabar maisuaren musikaz eta Pedro Herediaren letraz. Erratzez eta erretzeko paperaz hornitutako 50 lagunek parte hartu zuten diana horretan, txistulariek lagunduta.

Sei urte geroago, 1973an, Udalak ofizialki jaso zuen diana jaien egitarauan: «Portugaleteko sozietateek eskainitako DIANA, Udal Musika Bandaz lagunduta». Hurrengo bi urteetan, hauxe erantsi zion: «Portugalujo despierta abesten». 1976an, berriz, zera adierazi zuen: «Diana bukatutakoan, Rantxeria plazan baratxuri-zopa hartzera gonbidatuta daude abestalde guztiak».