Local sozialaren erosketa, 1966an

 

1965. urterako, sendotuta zegoen dantza-taldea, eta abian zeuden gainerako jarduerak. Nolanahi ere, bazuen taldeak estutasunik, utzi egin behar baitzituen Bailen kalean laga zizkieten lonjak.

Bere jabetzakoak izango ziren lokalak eskuratzea bihurtu zen kezka nagusi. Toki egokia aurkitu bitartean, bi lekutan jarraitu zuten jarduerekin: eraistear zegoen parrokia-etxean eta Santa Maria kaleko 14.eko instalazioetan –azken horiek Hoac erakundeak eta Ganerantz mendi-taldeak partekatzen zituzten–. Lokal horren ondoan, 12. zenbakian hain zuzen, lokala eskuratzeko aukera izan zuten. Egokia zirudien taldearen jarduera sozial guztiak hartzeko, baina, prezioa ikusita (350.000 pezeta), ezinezkoa iruditu zitzaien ametsa, garai hartan oso egoera prekarioan baitziren Portugaleteko elkarteak.

Lokalak entseguak egiteko sotoa, etxebizitza eta taberna (Irigoyen zaharra) zituen. Tabernek bazuten beren garrantzia garai hartan, oso leku aproposak zirelako mota guztietako harremanak estutzeko (pertsonalak, politikoak, sindikalak edo kulturalak).

1966ko urte hartako batzarra Santa Maria ikastetxean egin zuten, eta Josu Torre izendatu zuten presidente. Apirilean, lokala erosteko erabakia hartu zuten, ondoko hauen babesarekin: Enrique Mancisidor, Josetxu Beitia, Juan Zaballa, José Garabieta, Joseba Idoiaga eta Lino Arrieta. Ez zuten elkartearen e g u n e r o k o a n parte hartzen, baina murgildu egin ziren proiektuan.

Mugarri garran tzitsua izan zen ELAI ALAI taldearen historian. Handik gutxira, abenduan, etxebizitzaren azpiko lonja ere eskuratu zuten, fruta-denda izandakoa. Ikastolaren proiektu sortu berriaren lokala bilakatu zen, ordura arte etxe partikularretan kokatu baitzen.

Berehala ekin zieten eraberritzeko eta egokitzeko lanei, boluntario askorekin eta profesional gutxirekin. Hurrengo urterako, erabiltzeko prest zeuzkaten sotoa eta etxebizitza. Gerorako utzi zituzten taberna egokitzeko lanak; 1972. urtera arte ez zuten zabaldu.

Abentura horretan parte hartu zuten bazkideek hamaika anekdota dauzkate kontatzeko: hormak pikatzean arkakuso-izurritea zabaldu zenekoa, sotoan ezkutatuta zegoen ardorako patin edo antzeko bat aurkitu zutenekoa, kobrezko txanponen gordailua agertu zenekoa, ziur aski azken Karlistaldian gordetakoa, edota Apezpikutzari igandeetan lan egiteko baimena eskatu ziotenekoa.

Prozesu mantso eta etengabea izan zen arren, ez zuten ahaztu finantza-betebeharrak bete egin behar zituztela. ELAI ALAI ez zegoenez elkarte gisa legeztatuta, ez zuen nortasun juridikorik. Indarrean
zegoen arau-esparruan, eta egoera hartan, jarduera subertsibotzat hartzen bazuten, bahitu egingo zioten ondarea, Estatuaren alde, eta elkartea deseginarazi. 1966an Elkarteei buruzko Legea aldarrikatu zutenean, elkartea legeztatzeko aukera sortu zen, baina bere eskaerak isiltasun administratiboa jasotzen zuen beti erantzun gisa.

Ondorioz, herrialdeko beste erakunde batzuek erabilitako formulara jo behar izan zuten; hau da, sozietate anonimo gisa eratzera. Hala, zatikatu egingo zuten ondarearen jabetza, akzioak jaulkita, sozietatea eta jarduera formala bereiztearren. Sozietate berriari Organización Cultural Recreativa, SA (Orcuresa) izena eman zioten, susmagarria izan ez zedin, eta 600.000 pezetako kapital soziala eduki zuen, beharrezko babesa eman zioten 597 akziodunei esker.

Beste erakunde askok egin zuten bezala, euskal elizan zegoen lege-esparruaz baliatu ziren Administrazioaren bidegabekeriak saihesteko; Organización Atlé tica Recreativa (OAR) sortu berriaz alegia.

Horregatik, urte batzuetan, ELAI ALAI OAR izan zuen izen ofizial. Halaber, 1968an, Gure Etxea etxebizitza- kooperatiba sortzeko aukera aztertu zuten, baina azkenean baztertu egin behar izan zuten asmo hori, herrian ez zegoelako eskuratzeko moduko lurrik.

Denborak erakutsiko zuen asmatu egin zutela Orcuresa sortzen, diktadurak ez baitzuen inoiz elkartea legeztatu, baina funtzionatzeko baimena eman zion, ordea. Sozietatearen izenean, beraz, baimena eska zezaketen, antolatutako ekitaldiak egiteko.