Ikastola

 

Hasieran nabarmendu dugun bezala, bazuen taldeak, sortu zenean, beste helburu bat ere: hizkuntza berreskuratzea. Hori horrela, ikastola bat sortzeko aukera aztertzeari ekin zioten, eredu gisa Bilboko Elkano ikastolaren esperientzia hartuta. Pedagogiaren arloan, Katalunian eta Europako beste herrialde batzuetan abiarazten ari ziren metodoak txertatu zituzten. Ikastolaren sorkuntzan esku hartu zuten lehenengo gurasoen artean, Alejandro Etxebarria, Andoni Uriguen, Sabin Ipiña, Josetxu Beitia eta Pablo Escudero zeuden. 1963an jarri zuten abian esperientzia, beren seme-alabekin. Pablo Escuderoren etxean hasi ziren eskolak ematen. Irakasle-titulurik ez zuen andereño gazte bat hasi zen eginkizun horretan: Itziar Beistegi. Egunero-egunero Bilbotik joaten zen. Lan handia egin zuten beraien ekimenera guraso gehiago erakartzeko; horri esker, beste hauek ere bat egin zuten proiektuarekin: Angel Díaz de Ulzurrun, Andoni Larrauri, Juan Maria Uribarri, Laurentzi Isusi eta Félix Aranbarri.

Guztira hamar bat ikasle ziren ordurako. Hortaz, hurrengo ikasturtean Josetxu Beitiaren etxera aldatu ziren. Baldintza hobeak zituen etxeak, besteak beste zuzenean patio batera ateratzeko aukera ematen zuen gela bat zeukalako, haurrek jolas egiteko. Beste andereño gazte bat izan zuten han irakasle: Itziar Mimentza. Euskalduna, baina titulurik eta eskarmenturik gabea, hura ere.

Apaizak parrokia-etxeko gela bat utzi zien, 1964- 1965 ikasturterako, ikastola osatzen zuten hamabi haurrei. Guraso Batzordeko kideek gehienak hainbat zereginez arduratzen ziren ELAI ALAI taldean– jakin bazekiten aurki erai tsiko zutela egoitza, eta areto berri bat lortzen saiatu ziren; hurrengo ikasturterako, hala ere, Félix Aranbarriren etxebizitza huts batera joan ziren.

Beste arazo bat ere bazeukaten: sei urtetik gorako umeek nahitaezko eskolatze-liburua lortzea. Horretarako, Maestro Zubeldia ikastetxeko irakasle tituludun batengana jo zuten: Mari Carmen Ipiñarengana. Ikastetxe hartako zuzendaritzak eskolaratze-liburuak sinatzea erdietsi zuen andereñoak. Azkenik, 1967ko urrian, ELAI ALAI taldea jadanik Santa Maria kaleko egoitza berrian kokatuta zegoenean, ikastolak beste andereño bat hartu zuen aro berriari hasiera emateko: Arantza Elu Mendizabal.

Hark bai, eginda zituen irakasle-ikasketak. Era berean, helduentzako euskara-eskolak ematen hasi ziren astean zehar.