Francisco Xabier ikastola

 

1968ko urrian, ikastola irekitzeko eskaera egin zuen taldeak.

Lokalak legezko baldintzak betetzen zituen, tituludun irakaslea zuen, eta ordutegiak nahiz irakasgaiak homologagarriak ziren. Hala adierazi zuen eskaeran:«Ikastetxe bat Santa Maria kaleko 12. zenbakian (...), herrian ikastetxe baten beharra dagoela ikusita». Oztopo burokratikoak gainditu beharra etorri zen gero (Osasuneko Udal Ikuskapena edo Irakaskuntzako Probintziako Ordezkaritza, besteak beste).

Egiteko horretan, biziki garrantzitsua izan zen Milagros Reyes ikuskatzaileak emaniko laguntza.

Horrenbestez, 1969ko maiatzean lortu zuen elkarteak «lehen hezkuntzako ikastetxe» gisa irekitzeko baimena, Francisco Javier izenarekin.

1968rako, sortuak ziren aurreneko liskar eta gatazkak guraso-batzarretan, gurasoek beharrezko obrak egiteko zenbateko ekarpena egin behar zuten zehazteko orduan.Hurrengo urtean, jada legeztatuta zegoenean, beste gatazka batzuk ere sortu ziren, publiko eta pribatuaren arteko eztabaidaren barruan. ETAk ere esku hartu zuen: bi etakide bidali zituen presidentearen etxera, umeek manifestazioa egin zezatela eskatzera. Batzordeak, baina, baztertu egin zuen aukera hori. Beste gai batzuek are gehiago konplikatu zituzten eztabaidak; adibidez, erlijioaren irakaskuntzak. Ikastola norena zen argitzen ibili behar izan zuten. Azkenean, erdibitu egin zen ikastola, eta andereño guztiek alde egin zuten.

1969ko martxoan, gurasoen erdiekin eta ikasleen erdiak baino gehiagorekin, beste ikastola bat sortu zuten andereño horiek, Errikoa irakaskuntza kooperatiba deiturikoa: Chavarri Jauregiko egoitza-multzo berriaren etxabeetan kokatu zen aurrena, eta urte batzuk geroago Kanpanzar ikastetxean, irakaskuntza publikoaren sarean.

Bi ikastolek, bereiz irauteko borrokan murgilduta, ez zuten sekula adiskidetasuneko harremanik eduki, aurkakotasunak arlo pertsonalera lerratuak baitziren. Krisialdi horrek elkartea existitzeko zioei buruzko gogoeta orokorra egiteko balio izan zuen, bai eta ordura arteko funtzionamenduaren ezaugarri nagusiak arrazionalizatzeko ere.

Egoera gogor horretan, garbi ikusi zuten ikastolak jarraitzea nahi bazen, irakaskuntza-kooperatiba bat sortu beharko zutela, ikasketa-plana hamar urtera arte zabaldu ahal izateko.

Hartarako, Sestaoko Amezaga zinemaren gainean zeuden elizbarrutiko lokaletan Oinarrizko Hezkuntzako lehen maila ematen hasi ziren, Sestaoko Umeen Etxearekin batera, eta, hurrengo urtean, Barakaldoko Alkartu ikastolak bat egin zuen proiektuarekin.

1973an, «Patronatura» aldatu ziren. Valentín de Berriotxoa Elizbarrutiko Zentroak gelak ixten zituen neurrian, ikastola horietako umeak sartzen ziren haietan; hala, hurrengo urteetan, Itxaropena (Trapagaran) eta Biotz Gaztea (Santurtzi) ikastoletako umeak ere bertara batu ziren.

Pixkanaka, zerbitzu-kooperatiba bat sortzeko ideia hasi zen gorpuzten. Kooperatiba hark eskualderako ikastola bat ere izango zuen, Portugaleten. Bi mila familiarentzako astialdiko kooperatiba izango zen, kirol-instalazioak eta sozialak ere edukiko zituena, eta bertan sartuko ziren eskolaurreko zentroa, OHO eta BBB.

Asti Leku proiektu berriaren gestioak 1975ean hasi zituzten, eta Elizbarrutiarekin akordioa egin zuten, Sestaoko zentroaren titulartasuna kooperatibaren esku gelditzeko; horrela, ikastolak ere beren esku jarraituko zuen, Valentín de Berriotxoa izenarekin. Urtebukaeran, Asti Leku kooperatibaren lehen Zuzendaritza Batzordea eratu zuten, eta berau arduratu zen kudeaketaz; hortaz, ELAI ALAI bigarren plano batean gelditu zen, baina bere ikastolatik laguntza emango zuen artean, eta proiektuari giza ekarpena ere egingo zion.

Gazteenen eskolak, haurtzaindegia eta helduentzako gau-eskolak ere FRANCISCO XAVIER-ELAI ALAI ikastolan zeuden, Santa María kalean.