Esku-pilota

 

ELAI ALAI taldeko kideen artean, baziren herrian gainbeheran zeuden hainbat kirolekin lotura zutenak.

Hortaz, kirol horiek sustatzea erabaki zuen taldea –pilota eta arrauna, batez ere–, erreferentzia garran tzitsuak zirelako euskal kulturan. Tradizioz, La Estrella frontoian aritu izan ziren herrian pilotan, hainbat aldaeratan, baina urte haietan oso utzita zegoen, eta 1965ean lurreratu egin zen.

1946an San Roke gunea eraiki zutenean frontoia ere egin zuten arren, haurrak herriko hainbat hormatan aritzen ziren pilotan; parrokia etxeko arkupean edo elizako
paretan, adibidez.

1960an, frontoi estaligabea inauguratu zuten Santa María ikastetxean. Bertan, lan handia egin zuen Anaia Cirilok –Madrilen egon zenean, Pilota Federazioko kidea izan zen–. Lau urte geroago, estali egin zuten frontoia, eta inauguratzeko ekitaldian ikastetxeko dantza-talde batek esku hartu zuen; kideetatik erdiak ELAI ALAI taldekoak ziren.

1965ean, pilota-atala sortu zuten ELAI ALAI taldean, pilotazale hainbat zituena; tartean, Gerardo Castañeira, Esteban Gutiérrez, José Antonio eta Juan Alda, eta Berna Coto. Lehen ekintza gisa, pilota-txapelketa bat antolatu zuten ikastetxeko frontoi estalian. Aipatutako Anaia Cirilok, baimena emateaz gain, beti gogoan izango zituzten hitzak ere esan zizkien: «Benetako euskaldunak bazarete, ezin duzue ikastetxeko frontoia, hain ederra izanik, pilota-txapelketarik gabe utzi».

Hala bada, 1966ko urritik martxora bitarteko igande eta jaiegun guztietan, esku-pilotako Bizkaia Zubia I. Txapelketaz gozatzeko aukera izan zuten pilotazaleek.

Pilotariek La Terraza tabernan eman behar zuten izena, eta bertako jabe Edurne Urkijok eman zuen taldeko bandera, finalaren egunean handikiro bedeinkatuko zutena. Abadiño, Santa Maria, Lagun Artea, Mungia, Sopela eta ELAI ALAIko bikoteek hartu zuten parte. Guztira 18 bikote aritu ziren haurren kategorian, 34 gazte-kategorian, eta 32 afizionatuetan.

Sekulako ikusmira piztu zuen txapelketak, eta lepo bete zen frontoia; horregatik, hurrengo urteetan ere antolatzea erabaki zuen taldeak. Ildo horretatik, 1966an, Bizkaiko bigarren kategoriako txapelketak antolatu zituzten, baita ospitalearen eta zahar-etxearen aldeko hainbat partida ere.

Txapelketa horien finalak euskal jai bihurtzen ziren; hainbat dantza-talde, abesbatza eta txistulari-banda biltzen ziren bertara.

Bertako beste kirolari dagokionez (arrauna), San Nicolas arraun-taldeak barne-arazo ugari zituenez, ELAI ALAI taldean arraun-atala sortzea erabaki zuten.Dena den, Txanpa izeneko elkartea sortu zen bi urtez, eta zatiketa eragin zuen horrek; beraz, San Nicolas taldea laguntzea erabaki zuten azkenean, indarrak batzearren.

Era berean, atletismo-atala ere sortu zuten, Basilio Gutiérrezen zuzendaritzapean. Atletek San Rokeko kirol-zelaia erabiltzeko asmoa zeukaten, baina, alkateak eragozpenik jarri ez bazien ere, Frente de Juventudes erakundea arduratzen zen instalazioez eta ez zien erabiltzeko baimenik eman, erabili ahal izateko Falangean afiliatuta egotea eskatzen baitzuten.