Dantzak eta Nazioarteko Folklore Jaialdia

 

Aro berri honetako lehenengo urteetan, gorriak ikusi zituen elkarteak; izan ere, hainbat kidek, zenbait arrazoi tarteko, utzi egin zuten ELAI ALAI, eta jende-eskasian gelditu zen taldea. Hala eta guztiz ere, herriko zein inguruetako jaietan parte hartzen jarraitzen zuen, eta hanhemengo ekitaldietan aritzeko gonbita egiten zioten; besteak beste, Hispania ferryan edota Abrako Itsas Klubeko kongresu
baten amaieran. Taldeak ahalegin handia egin zuen errepertorioa zabaltzeko; besteak beste, Zuberoako edo Otsagabiko dantzak erantsita.

Euskal kultura adierazi eta aztertzeko joera berrien ondorioz, kultura tradizionalaren erroetara jo zuen elkarteak baserriko kulturaren iturburuetara, funtsean–, kultura haren eta gaur
egungo kalekoaren artean lotura ezartzeko. Ordura arteko erreferentzia nagusia Segundo Olaetak Gernikako ELAI ALAI taldearen bitartez sortutako eskola izan zen; aro berrian, aldiz, Juan Antonio Urbeltz izango zen erreferentzia- puntua: Donostiako Argia taldearen sortzailea, alegia. Lehenengoak «folklore antzeztua» eskaintzen zuen; hau da, koreografoak, jatorrizko materialetan oinarrituta, muntatu edo egokitu egiten zituen pieza herrikoiak, agertoki batean antzezteko. Bigarrenak, berriz, «folklore erreproduzitua» eskaintzen du; hots, egituran ia batere egokitzapen koreografikorik egin gabe eramaten ditu agertokira jatorrizko materialak.

Folklore erreproduzituaren xehetasunak hobeto ikasteko asmoz, ELAI ALAI elkartea aipaturiko Argia taldearekin harremanetan jarri zen 1971n; hala, berritu egin zuen errepertorioa, eta baztertu egin zuen jai eta alarde guztietan parte hartzeko ohitura. Etapa berri hartan, atzerrian lehen emanaldia eskaintzeko aukera sortu zitzaion taldeari; zehazki, Amélie-les-Bains herrian (Frantzia). Abagune
hura biziki garrantzitsua izan zen ELAI ALAI taldearentzat, haren bidez folkloreko nazioarteko AFI elkartearekin harremanetan jarri zelako.

Eta, bide batez, Portugaleten antzeko ekitaldia antolatzeko ideia bururatu zitzaion. Hurrengo urtean, taldeak beste bira bat egin zuen Frantzian barrena, eta hainbat sari eskuratu zituen; besteak beste, Senones herriko Salm Koroa. Harrez geroztik, ia Europa osoan ibiliko zen taldea, gero eta ospetsuago.

Taldeak Giako Andra Mariaren jaietan eskaini zituen, aurrenekoz Portugaleten bertan, errepertorioko pieza berriak, jantzi eta musika-tresna gehiagoz baliatuta.

Horrela bada, 1972ko San Ignazio egunean, Iribasko ingurutxoa, Jaurrietako dantza eta Imozko eskudantza aurkeztu zituen; 1973an, Behe Nafarroako inauteriak; 1974an, Larrain dantza; eta 1975ean Gipuzkoako dantza. Dena den, Nazioarteko Jaialdia bihurtu zen urteko aurkezpenak egiteko esparru.

Arestian adierazi bezala, atzerrira egindako lehen bidaian sortu zitzaien elkarteko kideei Portugaleten nazioarteko jaialdi bat antolatzeko ideia. Erronka handia zen hura, bai garaiko egoera politikoagatik,
bai antolaketa-lanen konplexutasunagatik: elkarteak ez zeukanez lokal itxirik, eguraldiaren men - de egongo zen erabat; gainera, asko ziren parte hartzera gonbidatutakoak eta ostatatu beharrekoak.

Iritsi zen eguna. 1972ko uztailaren 29an eta 30ean egin zuten Nazioarteko I. Folklore Txapelketa –hala izena zuen hasieran–, Areilza Doktorearen parkean, eguraldia lagun. Sekulako arrakasta izan zuen jaialdiak, bai ikusle-kopuruaren aldetik, bai antolaketagatik. Partaide guztiek goretsi egin zuten ekitaldia, eta zinez eskertu zuten Portugaleten jasotako arreta.

Ondoko talde hauek izan ziren jaialdian: Irlandako Tully Group, Frantziako Correvrots Vandes, eta Lasarteko Erketz taldea. ELAI ALAI ere bai, jakina.

Hurrengo urtean, bigarren edizioa antolatzean, Nazioarteko Folklore Jaialdia izena hartu zuen. Euskal Herriko bi talde (ELAI ALAI eta Argia) eta atzerriko beste bi (Italiako Arlecchino eta Turkiako Kurumu) ziren parte hartzekoak, baina Turkiakoak ez zuen azkenean etortzerikizan. Gorka Knörr kantariaren emanaldia izan zen haien ordez; paradoxikoa benetan, Knörren kantaldiak debekatuta bai tzeuden Bizkaian. Turkiako taldea irailean hurbildu zen Portugaletera, eta parkean doan aritzeko eskaini zuen bere burua.

1974an, beste aurrerapauso bat emanez, Euskal Herriko bi taldeez gain, atzerriko hiru aritu ziren jaialdian: Frantziako, Hungariako eta Bulgariako bana. Horretaz gain, ibiltari bihurtu zen jaialdia; horrenbestez, Bilbo eta Donostia izan zituen agertoki, eta hurrengo urtean beste herri batzuetara zabaltzeko asmoa azaldu zuen. Urte hartan Udalak Hiribilduaren Zilarrezko Dominaz saritu zuen ELAI ALAI "NAZIOARTEKO JAIALDIETAn egindako lanarengatik".

Hasierako edizioan, ostatua emateko arazoak tarteko, etxe partikularretan hartu behar izan zituzten talde partaide bateko kideak, baina utzita zegoen hotel bat egokitu, eta bertan ostatatu zituzten guztiak aurrerantzean.

Jaialdiaren lehen etapako azken edizioa 1975ekoa izan zen; bost dantza-taldeez gain, Danok Bat zortzikotea ere aritu zen. Badira ELAI ALAI taldeari hasiera-hasieratik laguntza eman zioten zenbait lagun, esker ona merezi dutenak.

Horien artean, Juan Antonio Urbeltz, jada aipatu duguna, eta beste lagun bat ere bai: Karmele Goñi.