1975, funtsezko urtea gure historian

 

ELAI ALAIren lehen aroa 1975ean bukatuko zen. Urte garrantzitsua izan zen hura gure herriaren historian, orduan hil baitzen Franco jenerala, Gerra Zibila bukatu zenetik esku gogorraz gobernatu zuen
dikta dorea.

Elkarteak, Juantxu Uribarri zuela presidente, barne-dinamismo handia izan zuen urte haietan, eta protagonismo handia lortu zuen gizartean.

Elkartearen taberna 1972tik zegoen irekita; Bizkaia Zubia esku-pilotaren txapelketa zortzigarren ediziora iritsi zen; ikastolaren proiektuak, 1969ko zatiketa gaindi tuta, konponduta zuen etorkizuna Asti

Leku sortu berriarekin; Nazioarteko Folklore Jaialdia laugarren ediziora iritsi zen; txistu-ikastegiak oso harrera ona izaten jarraitzen zuen... Hori guztia horrela izanda ere, kanpoko egoera politiko eta sozialak eragin handia izan zuen elkartearen jarduera normalean.

Azkeneko urteetan, Francoren erregimena beheraldian zegoela, gizartearen oihartzuna gero eta ozenago entzuten zen sektore guztietan, eta alderdi politikoak klandestinitatetik ateratzen ari ziren, pixkanaka. Alderdiek, sindikatuek eta nolabait politika-inguruan mugitzen ziren elkarteek kultura- eta kirolelkarteetan aritutako pertsonak erakartzeko beharra zeukatenez, zatiketak eta desadostasun ideologikoak elkarte horietara ere iritsiko ziren, nahiz eta, aurreko urteetan, denek bat eginda, diktaduraren aurka borroka egin.

Nazionalismo tradizionala bi joeratan zatikatzen hasi zen, eta hurrengo urteetan bi joera horiek normal bihurtuko ziren arren, urte haietan haustura eragin zuten elkarte edo adiskide-talde askotan. ELAI ALAI ez zen salbuespen izan. Ekainean, hil egin zen José Manuel Esparza alkatea, eta eztabaida ugari sortu ziren Portugaleteko el karteen artean, hainbat faktoreren eraginez: frankismoko azken fusilamenduak, erregimenaren aurkako aldarrikapen eta protesta modura herriko jaiak bertan behera utzi edo ez, eta abar. Azkenean, erdibidetik jo zuten: jaietan parte hartzeari bai, baina handik gutxira Txiki eta Otaegi hil behar zituztela ahaztu gabe.

Garai hartan, dantza-taldera Austrian bira egiten ari zen, baina eztabaida- giro hori hara ere zabaldu zen; hala, eztanda egin zuen aurreko hilabeteetan taldean ernetzen ari zen krisiak, eta nekez lortu zuten hartutako konpromisoak betetzea.

Jaiak bukatu ondoren, harreman pertsonalak hoztuta eta hondatuta zeudenean, kanporatzeak eta abandonuak eragin zituzten biltzarrak izan ziren. Ondorioz, taldeko kideen kopurua nabarmen urritu zen. Taldeak pairatutako bigarren zatiketa izan zen hura, gizarteak oro har bizi zuen bereizketa politikoak eragindakoa. Hainbat urte beharko zituen taldeak egoera hori gainditzeko.

Hori gutxi balitz, elkartea erregimenaren aldeko muturreko taldeen jomuga bilakatu zen irailean. Aurreko urteetan, elkarteko zenbait kide atxilotu egin zituzten esku-pilotako txapelketaren kartelak ipintzen ari ziren bitartean, eta, urtebete lehenago, parrokia-etxea ere jomuga izan zuten. Gero, elkartearen lokalak izan ziren lehergailu baten eztanda nozitu zutenak.

Guerrilleros de Cristo Rey izeneko taldeak aldarrikatu zuen atentatua. Pistolez eta borrez armatutako talde horrek inolako zigorrik gabe jarduten zuen ordena publikoko indarrekin elkarlanean; haien artean, Udaltzaingoko Lindosa kaboa nabarmentzen zen.

Oso argigarria da Lora Barri elkarteko fatxadan egin zuten pintaketaren argazkia, testu hau zuena: «HOY: ELAI-ALAI, DESPUÉS VOSOTROS» (Gaur ELAI ALAI, gero zuek).

Kalte material handirik ez zuen eragin, eta ekintza ez zuten ofizialki argitu, baina zirrara handia eragin zuen taldean.

Diktadorea hildakoan, herrialdea zalantzez betetako trantsizioari begira zegoela, etapa berriari aurre egin beharko zion taldeak.