Elai Aliaren sorrera. Dictadura-aldia 1962-1975

 

Esan bezala, 1962an, diktaduraren ildo ofizialetik kanpoko mugimendu politiko eta kulturalak lagun-taldetan garatzen ziren. Ideiak nahiz kezkak azaltzeko baliatzen zituzten bilerak. Lagun-talde haietako batean ernatu zen, hain zuzen ere, Portugaleten euskal kultura berreskuratzeko proiektua. Talde hartan, besteak beste, José Ignacio Beitia eta Alejandro Etxebarria zeuden; sestaoarrak ziren jaiotzez, baina Portugaleten bizi ziren. Euskal kulturaren aldeko proiektu horretan, bi alderdi nabarmentzen ziren: dantzak eta euskara. Bi sestaoarrak Euzko Lorak taldean ibiliak ziren: dantzari gisa lehena, eta bertako aurreneko presidente gisa bigarrena. Euskara-irakaslea zen, lanbidez, Etxebarria.